Maialen ARRATIBEL
GASTEIZ

Aldaketaren ikur bihurtu zen Gasteizko San Migel elizako balkoia

Gorka Ortiz de Urbinak gorpuztu zuen Zeledon, hamabosgarren aldiz jarraian. Gorka Urtaran alkateari, Javier Maroto alkate ohiari eta Julio Roca aurtengo txupineroari zapi gorria jantzi zien San Migel elizako atarira iristean. Ondoren, Zeledonen abestia lehenik gaztelaniaz abestu bazuen ere, euskaraz ere kantatu zuen ondoren. Gora Gasteizko kideak eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan ziren suziriaren jaurtiketaz gozatzen, Gasteizko EH Bilduk gonbidatuta.

Arratsaldeko seiak jotzear, eguzkia duda-mudan laino artean, eta kalean giroa epeletik berora. San Migel elizako balkoia, euskaraz apainduta urte askoan lehengoz. Eta Andre Maria Zuriaren plazan jendetza zain, Zeledon noiz agertuko elizako kanpandorretik behera.

Gorka Ortiz de Urbinak hamabosgarrenez gorpuztu du Zeledon. Ohi bezala, aterkia eskuan tente hartuta, plazan zehar blusadunek bidea irekita iritsi da San Migel elizako atarira. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea zeukan bertan zain, baita Javier Maroto alkate ohia ere, eta txupina bota zuen Julio Roca, Zuzenak fundazioko presidentea.

Hauei zapi gorri bana jarri, eta Zeledonen abestia kantatzeari ekin zion, behean begira zituen herritarren laguntzaz. Lehenengo gaztelaniaz, eta gero euskaraz ere egin zuen.

Gasteizko EH Bilduk Gora Gasteiz herri ekimeneko partaideak gonbidatu zituen balkoira, besteak beste. Esther Perez plataformako kideak «ilusioz» hartu zuen gonbita. Haren irudiko, aitortza horrek suposatzen du badagoela jendea «egungo hiri anitzaz harro sentitzen dena». Eta aniztasun hori atzoko egunez lau haizetara zabaltzea «aurrerapauso handia» dela uste du. «Ikusi beharko da zer-nolako bilakaera izango duen honek guztiak, baina baikorrak gara, oso, pertsonen eskubideak errespetatzen hasiak garela sentitzen dugulako».

Sentipen horren erakusle, San Migel elizako balkoian jaien hasieraz gozatzera igotako Fatou Demba senegaldarra. Azken urte honetan Gora Gasteizeko ekintzetan parte hartu du Dembak. «Jendetza guzti honen artean bi kanpotar besterik ez gara egon eta txiki sentitu naiz», aitortu zuen. Hala ere, espero du urtetik urtera gehiago izatea, hori pentsatzeko arrazoiak egon badaudela sinetsita. «Hau hasiera besterik ez da», zioen, irmo.

Asironen poza

Miren Larrion Gasteizko EH BIlduko bozeramaileak zirraragarritzat jo zuen atzo bizi izandakoa: «Aurten jaiak ezberdinak dira, Gasteizko egoera ere ezberdina delako». Duela urtebete inguru Maroto alkate zela, «adierazpen xenofoboak» egin zituenean, «orduan hasi zen hiriko gizartea antolatzen eta horren adierazlerik behinena da Gora Gasteiz herri mugimendua. Horregatik daude hemen, nahi genuelako beraiekin ospatu bizitzen ari garen aldaketa», gaineratu zuen. Gizartea «nekatu» dela eta «aurrera» egin nahi duela, argi ikusten du Larrionek. Horregatik, Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere gonbidatu zuen koalizioak atzo suziriaren jaurtiketa ikustera. Harekin batera, EH Bildu osatzen duten lau alderdien ohiko ordezkari politikoak egon ziren bertan.

Joseba Asiron Iruñeko alkatearen hitzetan, «sekulako poza» izan zen berarentzat atzo Arabako hiriburuan egotea. Poza, «indar abertzaleek egun duten indarra, neurri handi batean, herritarrekin batera egindako lan handiaren ondorio delako». Iruñean lehenengoz lortu dute udal gobernu abertzalea eta Gasteizen ere «antzeko» prozesu baten lekuko izatea «gauza handia» da, alkate iruindarraren esanetan. «Personalismoetan baino», taldean egindako lanean sinisten duela zioen, eta lanerako gogoa antzematen du Hego Euskal Herriko bi hiriburuetan. «Baita festa egiteko gogoa ere!», amaitu zuen barrezka.

Zeledonen jaitsieraren ostean, argazkia atera zuten EH Bilduko kideek Gora Gasteizkoekin eta euskal presoen zenbait seniderekin batera.