Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Estuasunean dagoen ekonomia ministro bilakatuko da Sobera

Botere nahia, zorte txarra eta umorea uztartzen ditu gaurtik igandera bitartean Victoria Eugenia antzokiak hartuko duen «El ministro» obrak. Egoera ezeroso batetik ihes egiteko abilezia erakutsi beharko duen ekonomia ministroa da antzezlanaren muina.

Umorez jantziko da Donostiako Victoria Eugenia antzokia gaurtik igandera bitartean, “El ministro” obraren bidez. Antonio Prietok idatzi eta zuzendu eta Carlos Sobera, Marta Torne, Javier Anton eta Guillermo Ortegak antzezten duten obra honek egoera ezeroso bati aurre egin beharko dion ekonomia ministroa du ardatz.

Antzezlanaren aurkezpenean Sobera eta Tornek azaldu zutenez, Ramiro ministroa (Sobera) bera baino 30 urte gazteagoa den eta bere seme-alaben frantses irakaslea denarekin, Sandrarekin (Torne), maiteminduko da eta, gau batez, haren etxera joango da emakumea limurtzeko asmoz. «Maitale bilakatzeko puntuan gaudenean hasten da dena nahasten», azaldu zuen Tornek. Izan ere, une horretan Sandraren etxe azpian dagoen banketxean bi lapur sartuko dira eta lau pertsonaiek frantses irakaslearen etxean harrapatuta ikusiko dute euren burua. Une horretatik aurrera, bakoitzak egoeratik onik ateratzeko neurriak hartuko ditu: frantses irakasleak abaguneari etekina atera eta bere botere nahia ase nahiko du; ministroa desleialtasun istorio batek bere karrera politikoa honda ez dezan saiatuko da; eta lapurrek eginahalak egingo dituzte ostutako diruarekin alde egiteko.

«Laurak dira eskrupulurik gabeko pertsonaiak, nahi duten hori eskuratzeko edozer egiteko prest daudenak», adierazi zuen Soberak eta, obrak satira politiko bat izan nahi ez badu ere, gai politikoak ere jorratzen dituela zehaztu zuen: «Podemos, PP... aipatzen dira, baina obrak pertsonez dihardu, ez horrenbeste politikaz». Krisi egoerari ere aipamena egiten zaiola zehaztu zuen: «Estatuko egoera politikoaz hitz egiten da, krisi egoeran zein gaizki pasatzen den ikusarazten da... Baina obra guztiz esportagarria dela uste dut, Grezian ere krisiaz zerbait badakite, baita beste herrialde batzuetan ere», azaldu zuen. Hala, obra beste herrialde batzuetara eramateko asmoa dutela esan zuen, «komedia hau beste herrialde batzuetara erraz esporta daitekeelako».

Arrakastatsua

Gidoilari gisa ibilbide luzea egin badu ere, Antonio Prietok idatzi eta zuzendu (Silvestre G izenpean) duen lehen obra da “El ministro”. Joan den urteko irailean aurkeztu zuten Madrilen eta sei hilabetez egon da Alcazar antzoki ezaguneko oholtzan. Horrek, Soberaren hitzetan, antzezlanaren «arrakasta» agerian uzten du: «Normalean lau bat aste egoten da obra bat biran hasi aurretik, eta honek sei hilabete eman ditu. Ikusi dugulako esan dezakegu obra arrakastatsua dela, umorea in crescendo doa eta ikusleek sekulako barre algarak egiten dituzte». Antzezlana gaurtik igandera egongo da Victoria Eugenian, eguneko saio bakar batean (20.00etan).