GARA
DONOSTIA

«Hondar artean» egonaldi artistikoetarako proiektuak aukeratu dituzte

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak “Hondar artean” proiektua Mendebaldeko Saharan egingo diren erresidentzia artistikoekin abiaraziko du. Ekainaren hasieran ireki zen egonaldi horietan parte hartzeko izena emateko epea eta Ibon Salvador koreografoa eta Karlos Martinez diziplinarteko artista izan dira aukeratuak.

Donostia 2016ko ordezkariek jakinarazi dutenez, egonaldia bi fasetan banatuko da. Lehenbiziko fasea urrian hasiko dute bi artistek, Saharara abiatuta. Bertan, Nasra Sidi Azman, Saharako Arte Eskolako azken urteko ikaslea, eta Ahmed Omar zinemagilea izango dituzte zain. Bigarren fasea, aldiz, Gipuzkoako hiriburuan egingo da, maiatzaren 2tik ekainaren 30era.

Bikoteka proiektu bana

“Hondar artean” proiektuak Saharako egoera soziopolitikoa du abiapuntu. Erresistentzia kontzeptua ardatz hartuta bikoteka proiektu artistiko bana garatuko dute. Bidegabekeria horien aurrean berebiziko garrantzia hartzen dute erresistentziaren irudiek eta hori kontuan izanda garatuko du bikote bakoitzak bere proiektua.

Helburua, norberak duena eskaini eta bestearengatik ahal den guztia jasotzea izango da.

Egitasmo hau dela-eta, Federico Guzman artista sevillarraren “Tuiza” obra egongo da ikusgai Donostiako San Telmo Museoan, 2016ko apiriletik ekainera. Saharako emakumeen soineko tradizionalekin osatutako haima formadun instalazioa da, eta haren barruan ekitaldi desberdinak egingo dira.

Mendebaldeko Saharako Arte eta Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Topaketan eman ahal izango dute egindako lanaren berri lau artistek.