Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Burua hesien artean ezkutatzen denean

Trenak jendez lepo, duten guztia gainean daramaten andra, gizon, gazte eta ume asko oinez bide bilakatutako trenbideetatik, bizitako odisearen orbainak agerian, altxatutako alanbre-hesian egindako zulotik aita-amak seinak pasatzen laguntzen, zentroetan pilatuta, bere gisako moduan ikusten ez dituztenen erasoen jo puntuan, kale gorrian, kanpoan oilo baten irudia duen hozkailu-kamio baten barruan hilik, itota…

Beste garai batzuetako irudiak dirudite, beste leku batzuetakoak. Baina, ez, egunotan Europan hartutako argazkiak dira, Europara iristeko bidaia tragikoaren lekukotasun grafikoa. Bidaia horretan geratu dira asko, itsasoz zetozen makina batek Mediterraneo itsasoa bilakatu den itsaspeko hilerrian eman dute azken arnasa. Errefuxiatuak dira gehienak, euren herrialdeak suntsitzen ari diren guda eta biolentziatik ihesi doaz. Gatazka horietan zerikusia izan duen Europar Batasunaren erantzuna olan hesiarena izan da, bere eremua itxi egin die etsipenari aurre egiten ari diren gizon, emakume, neska-mutilei. Hori da Bigarren Mundu Gerratik hona izandako exodo handienari eman dion erantzun nabarmenena: hesia. Hau esan eta beste egin ematen ditu egunak, errefuxiatu, migrante horien beharrei bizkarra emanez. Erakutsitako geldotasuna hain nabaria denez, bere burua zuritzen hasi da, hitzez. «Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, isiltasun minutu bat gordez jendea hiltzen ikusten dugun bakoitzean», esan du Mogherini Diplomazia buruak. «Oporretan jarraitzen du Europak», dio Gabriel Merkelen ondokoak. Noiz arte?