Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Erorketa gozo bezain bortitza irudikatu du Eider Eibarrek «Barrukoa» liburuan

Intimoa, autobiografikoa eta mimoz landua. Halakoa da Eider Eibarrek argitaratu duen lehen bakarkako liburua. Ilustrazioaren munduan barneratu zenetik berrogei titulutik gora ilustratu ditu zornotzarrak eta, Edo! argitaletxearekin kaleratu duen «Barrukoa» lanaren bidez, barruan gordeak zituen «ideiak, haserreak eta minak» azaleratzen asmatu duela dio. Libururako sortu dituen irudiekin osatu duen erakusketa Gasteizeko Zuloa liburu dendan dago ikusgai.

Orain hamabost urte, GARAko Gabonetako bildumarako Andoni Egañak idatzitako “Urregorrizko kutxa” irudiz osatzea izan zen Eider Eibarrek (www.eidereibar.eus) ilustrazioaren alorrean jaso zuen lehen eskaintza, artean Arte Ederretako ikasle zela. «Izen berri pare bat sartu nahi zituzten, eta tartean nirea atera zen», oroitu du. Ordutik, berrogei titulutik gora ilustratu ditu, gehienak haur literaturakoak eta euskaraz idatziak eta, orain, inoizko lan intimo eta pertsonalenarekin dator: “Barrukoa” (Edo!, 2015), bakarka argitaratu duen lehen liburua.

Hitzik gabeko liburua da “Barrukoa”, baina esateko asko duena. «Aspaldian bueltaka nituen zenbait ideia, gai edo egoera zehatz batzuek sentiarazten zidatena iruditan ikusten nuen, eta hori guztia, amorrua, poza, haserrea, atera nahi nuen», azaldu du zornotzarrak. Hori guztia islatzeko, herrialde miresgarriko Alizia irudi lukeen neskatoaren irudia erabili du Eibarrek. Soineko zuria soinean eta margoz beteriko gurdiari tiraka ageri da lehen orrian; lurrean marrazkiak egiten hastean mundu berri bat irekiko zaio eta bere erraiak, barruan gorderik duen hori, aztertzen hasiko da.

Mundu berri horretan egiten duen bidea anatomiarekin nahasirik aurkezten digu Eibarrek eta, hala, neskatoa irudikatzen duen itzal zuriak garunetik oinetaraino bidaiatuko du, organo bakoitzean sentipen bat aletuz: garuna lapitzez zulaturik dago, birikak giza-zukuz beterik, eta bihotza taupaka beharrean “ostikoka” ari dela dirudi. «Batzuek esan didate irudiak oso gozoak direla, baina edukiek indar handia dutela. Ez naiz zerbait gozoa eta lasaia egiten saiatu, neskak bere burua kolpatzeak, adibidez, badu bestelako irakurketa bat. Baita bere burua zuku bilatzeak ere: kritika bat da, askotan lanak gure onena ematen duelako, erritmo oso frenetikotan sartzen gara eta heldu ezinda, estresak jaten gaitu. Irudi horretan, neska biriken barruan sartu da, zuku hori ateratzen». Gorputz-atalak erabiltzea ere «barrutik» atera zaiola dio. «Niretzat nire lana oso fisikoa da, askotan ideiak begietatik heltzen zaizkit, tripa edo bihotzean sentitzen ditut eta eskuekin marrazten ditut», ziurtatu du.

Liburua egiteko prozesua atsegina bezain nekeza izan dela dio eta, denetan zailena, buruan pilatuta zituen irudi/ideia horien arteko lotura bilatzea izan dela nabarmendu du. «Urteetan zehar hor geratu zaizkidan ideiak dira, elkarren artean loturarik gabeak. Baina, egia da, horiek aztertzean konturatu naizela nire kezkak, beldurrak... ni naizela lotura hori, neskatoak egiten duen bidaia, azkenean nire bizitza dela».

Hala ere, hari narratiboa eraikitzea zein mantentzea, biak kosta zaizkiola onartu du ilustratzaile zornotzarrak, eta zeregin horretan Edo! argitaletxeko Mikel Aierbe ezinbesteko bidelagun izan duela ziurtatu du. «‘Eider, ez galdu iparra’, esan dit etengabe, ‘jendeak ikusi eta ulertu egin behar du’... Hari hori oso presente egon bada, Mikeli eta Edo! etxekoei esker da».

Ilustrazioetarako teknika mistoa erabili du Eibarrek: «Pertsonaia zuria izatea nahi nuenez kartoia erabili dut paper zuriaren ordez eta horrek baldintzatu du teknika. Akuarelez gainera, conté-a eta akrilikoak ere erabili ditut, eta erakusketarako ohol gainean marraztu ditut zenbait zirriborro», azaldu du. Izan ere, “Barrukoa” lanerako egindako zenbait zirriborro eta ilustraziorekin erakusketa ere osatu du. Hilaren 9ra arte Gasteizko Zuloan egongo da ikusgai, eta, 11tik aurrera, Zornotzako Zelaietan.

Liburuaren formatuak, azkenik, gorputza eta zentzua ematen dio barruan gordetzen duen orori: erorketaren ideiari jarraiki, goitik behera interpretatzen dira irudiak, ilustrazioak kateatu eta istorioari jarraikortasuna eskainiz. «Edo! etxekoek istorioari on egingo zizkion erabakiak hartu dituzte une oro eta hori gozada bat izan da. Oso eskertuta nago eskaini didaten opariagatik. Amaitzean indar barik geratuko nintzela uste banuen ere, hainbat gauza gainetik kendu eta ideia berriak ditut gainera, ausartago nabil kolore eta formekin... Arnasa eman dit».