GARA
ALTSASU

Altsasuko Ospa Egunera sartu eta hiru karroza eraman ditu Guardia Zibilak

Atzo bosgarrenez ospatu zuten Altsasun Ospa Eguna. Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin dezala eskatzen dute jai giroan.

Altsasuk V. Ospa Eguna ospatu zuen atzo, «okupazio indarren presentzia eta jazarpena» salatzeko asmoz. Goizean normaltasunez ekin ahal izan zioten egitarauari, baina bazkalorduan guardia zibilak agertu eta iraingarritzat jo zituzten karrozak eraman egin zituzten.

Guardia zibilek Euskal Herritik ospa egin dezatela aldarrikatzeko jai eguneko karrozek ideia desberdinak irudikatzen zituzten: adierazpen askatasun eza, tanke bat eta munstro beltz bat. Hasieran karrozak eramatearekin mehatxatu zituzten gazteak. Azkenean, karrozak desegin eta eraman egin zituzten. Herritarren oihu artean alde egin behar izan zuten handik.

Guardia zibilak txistu eta garrasi artean joan ziren jai gunetik. Une horren bideoa NAIZ-en dago ikusgai. Sortuk Twitterren esan bezala, «herritarrek argi eta garbi esan dute: alde hemendik! ¡Que se vayan!».

Guardia Zibilek ez zuten festa zapuztea lortu eta altsasuarrek egitarauari segida eman zioten.