Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Batzuek burtsa, besteak hil

Oporretatik bueltan hantxe izan ditut, mahai gainean ordenan pilatuta, nire egunkari bien abuztuko aleak. Eta gainbegirada bota diet bizkarrezurreko orriei aitaren batean, bidaiaren izerdia astindu baino lehen. Hara! Libanoko hiriburuan erlijioak eta politikak batu ez dituzten batak eta besteak batu ditu kalean pilatutako zaborrak. Kolpea! Batzuek eta besteek sortutako zaborrak batu ditu batak eta besteak! Arazoa non konponbidea han. Beirutarren parean fanatismoa sumatzen dut euskal herrialde bateko gobernu berrian. Batzuek zaborra, zezenketen alardearekin batera, tradiziotzat hartzen duten seinale. Hara ere! Hainbat jai ekimen debekatu dira, beheko gobernuak horretarako gurean duen elementuak hala bideratuta. Izan txokolatada, izan txupinazoa… psikiatria politikoaren ikerkuntzak Euskal Herrian batzuek amesten duten bikaintasun zer goren horri aupada handia eman diezaiokeen seinale.

Orria pasatu eta… Txinako ekonomiak behera eginda astindua izan da burtsetan. Esana zegoen aurretik ere: Burtsa ala hil! Hortaz, batzuek burtsa izateko beste batzuk hil egin behar; dira ala ditugu, baina behar. Kolpea! Han-horko txiroek ordainduko burtsadunek irabaziak gutxitzean hartutako galera. Mundu aldrebesa! Eta nazkantea! Askoren izerdia arnasgarriagoa da batzuen usaingarria baino. Bada bai, lurrikara sortu da merkatuetan; txiroek azokekin konformatu behar. Epizentroari eman garrantzia halakoetan, hipozentroa apropos ahaztuta, hain dago ezkutuan! Eta burtsatik kanpo... hil! Hortxe dramen katea kontinente zaharrean, itsasotik lurrera, trenbidetik errepidera. Hilotzak udaren beroan. Kanpoan gerra santuak piztu izanak bueltan ekarritako ordaina, besteak beste. Baina eskelen garaia omen da oraingoa, hipozentroa astindu gabe… burtsak indize onetan jarraitu dezan.