GARA
BILBO

Negozio aukera berriak ikusgai, Frankinorte azokan

Irailaren 25ean eta 26an ospatuko da Euskalduna jauregian aurtengo Frankinorte azoka, negozio aukera berriak ezagutzera emateko asmoz. 300 marka komertzialetik gora izango dira bertan eta sarrera doakoa izango da.

Negozio berri bat abiatzeko asmotan dabiltzanak eredu ezberdinak ezagutzeko aukera izango du irailaren 25ean eta 26an Bilboko Euskalduna jauregian egingo den Frankinorte azokan. Espainiar Estatuko nazioarteko frankizia eta negozio aukerak izango dira bertan, guztira 300 marka komertzialetik gora.

Sektoreei dagokionez, denetarik egongo da: telekomunikazioa, ostalaritza eta errestaurazioa, gimnasioak, osasuna, moda, merkataritza espezializatua, telefonia, elikadura, aisialdia, kosmetika, supermerkatuak, bidaia agentziak eta bitxigintza, besteak beste.

Azokako sarrera doakoa izango da eta antolatzaileen helburua frankizien arloan dauden aukera ezberdinak ezagutzera ematea izango da. Hala, negozio propio bati ekin nahi dioten ekintzaileek, kapital txikiei edo merkataritza lokalei errentagarritasuna atera nahi dietenek, autoenpleguan aritu nahi dutenek edota frankizia batean inbertitu nahi dutenek eskaintza ezberdinen inguruko informazioa eskuragarri izango dute bertan.

Formazioarekin lotuta, frankiziatutako masterrak egiteko aukera ere eskainiko dute azokan.

Arriskuak murriztu

Frankinorte azokako zuzendari Raquel Robledok aipatu duenez, «frankizien sistema enplegua sortzeko formula egokia da, batez ere krisiak sortutako testuinguru makal honetan». Datuek hala erakusten dutela nabarmendu du, azken urteetan ekintzaileen eta frankizietan inbertitzen dutenen artean emandako hazkundea aipatuta. «Konfiantza eskaintzen duen eta arriskuak murrizten dituen modalitate komertziala da», azaldu du.

AEF frankiziatzaileen elkartearen arabera, sistema honek 248.914 laguni ematen zien enplegua 2014. urtean, 2013an baina 6.774 gehiago.