GARA
donostia

Sakabanaketaren errealitate gordina mundu osora heltzen ari da uda partean

Irlanda, Palestina, Katalunia... baina baita Malaysia, Argentina edota India bera ere. Oporrak baliatuz, Etxerat eta Sarek sakabanaketaren aurkako aldarria mundu osora hedatzeko deia luzatu zuten uda aurretik eta milaka boluntario aurkitu dituzte bidean. Han-hemenka bildutako irudiek eta nonahi banatutako sakabanaketaren liburuek argi uzten dute txoko urrutiratuenetara ere iritsi dela euskal presoen eta beren senideen giza eskubideen aldeko borroka.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu, bi orriotako argazki bildumak ederki asko erakusten du uda honetan euskal presoen sakabanaketaren salaketa mundu osoan lortzen ari den hedapena.

Beste ehunka irudi erakargarri erants litezke, Etxeratek egindako deiak erantzun izugarria izan du-eta. Sarerenak bezala, nahiz azken horretan irudia baino helburua zen garrantzitsuagoa: dispertsioaren aurka informazio tresna indartsua den liburuxkari ahalik eta zabalpen handiena ematea. Hala ere, hori egin duten lagun askok ere egindakoaren froga utzi nahi izan dute, argazki bidez.

Europan, Paris, Londres, Amsterdam, Brusela, Berlin, Portugalgo toki ugari, Greziako beste hainbat, Irlandako txoko ugari... izan dira sakabanaketaren aurkako oihuaren lekuko. Estatu espainolaren mugen barruan, argazki asko Kanaria uharteetan, Galizian, Katalunian... ateratakoak dira. Eta Europatik kanpo, leku deigarrienetatik (Taj Mahal, Machu Picchu) toki arruntenetara heldu dira espetxe politikaren aurkako ikur eta mezuak.

Gailurretatik hondartzetara

Euskal hiritarren mendizaletasuna ezaguna da. Pirinioetako gailur ugari, Alpeetako Mont Blanc, Indotxinako Fansipan... izan dira horrenbestez presoen eta senideen eskubideak errespetatzeko aldarriaren lekuko.

Kasu gehienetan, ‘‘Euskal presoak Euskal Herrira’’ eta ‘‘Euskal preso eta iheslariak etxera’’ dioten banderatxoak eraman dituzte euskal udatiar solidarioek eurekin, baina, horiek eskura ez zituztenean, irudimenez jokatu dute. Hala, batzuek aldarria mugikorreko pantailan erakutsi dute, edo eskuan edo gorputzeko beste toki batean margotu... Denak balio izan du, eta, aurtengo arrakasta ikusita, denak balio izango du aurrerantzean ere, munduko txoko orotan oraindik espetxean diren 425 euskal herritarren errealitate gordina ezagut dezaten.