Ixabel Etxeberria&hTab;
Irakaslea
JO PUNTUA

Zurrumurru

Biriatuko ordainlekutik pasatzean Barne ministroa gurutzatu dugu. Ez genuen hitzordurik baina bera zela ohartu gara autoak baztertuak, hogei bat moto eta beste hogei bat auto, argiak pizturik pasatzen ikusi ditugularik. Estatuaren ordezkari handia pasatzen ari zen. Zerbait ekarri al du Ipar Euskal Herrira? Euskararen ofiziala egiteko bidea? Euskal Herriaren ezagutzeko proposamena? Presoen egoeraren konpontzeko urratsak? Une honetan dakigun bakarra da erran duela frantses estatuaren behar gorria dugula bizitzen jarraitzeko! Umore handiko gizona agian, Frantzia sekula baino interes gutxiagoko estatua delarik, erakartzen ez duelarik! Berrikuntzarik ez dela Parisetik heldu, hau zen mezua.

Zurrumurrua dabil herrian. Urruñako auzapeza irailaren bukaeran epaitu behar omen dute, bere buruaren edo bere lagunen aldeko urratsak egiteagatik. Délit d'initié deitzen omen da. Nahiko delitu larria izaten da eta kasu horretan oraindik kasuak ez du batere oihartzunik. Aitzineko auzapeza, Daniel Poulou araberako delitu batengatik auzipetu eta kondenatua ere izan zen. Haatik ez zuen ondorio handirik sufritu bere bide politikoan.

Lapurdi kostalde honetan ematen du eskuinak nahi duen bezala lan egiten duela, justiziak ere oso ahal txikia duela. Izan ere, prefetarekin kalapitak ditu de Coral andereak, baina nahiko ongi komunikatzen badaki eta herri antolaketarako duen prefetarekin auzi horretan arautegiaren biktima izaten saiatu eta nahiko ongi lortzen ari da. Aldiz, baliteke arazo korapilatsuagoa izatea zuzenean justiziak hunkitzen badu, moralari oso atxikia den auzapezarentzat. Bere irudia alda daiteke. Auzitegira heltzen bada, pentsa daiteke benetan zerbait dagoela epailearen txostenean. Ongi kokatuak diren lagunak baititu! Epaitegira deitua izatetik kondenatua izatera, mundua dago batzuentzat. 

Uda joaten ari zaigu eta Ramuntxo Mintegik utzi gaitu. Ziburuko hautetsi abertzalea izana, pertsona diskretua baina lan egiteko beti prest zegoena. Bera bezalako asko behar ditugu, horregatik gure bihotzetan gelditu da.