Nerea GOTI
BILBO

Aste Nagusi arrakastatsua, jai eredua eta elkarlana uztartuta

Bilboko Aste Nagusia arrakastatsua izan da aurten ere eta, atzo konpartsek nabarmendu zutenez, «agerian utzi du elkarlanak jai eredua indartzen» duela. Hori bai, eraso matxistak dira orbana, eta horiei aurre egiteko «hausnarketa zabala» egiteko asmoa dute.

Balantze sakon eta zehatzagoa egin asmo dute Bilboko Konpartsek hurrengo hilabeteetan, baina jaiak amaitu eta 24 ordura Aste Nagusiak utzitako zapore gozoa aipatu zuten atzo lehen balorazio batean. «Aste Nagusia arrakastatsua izan da eta argazki argi bat utzi digu: elkarlana bultzatzen denean Bilboko jai eredua indartuta ateratzen da», adierazi zuten atzo konpartsek prentsaurrekoan, Areatzan.

Nabarmendu zutenez, «zerbait argi gelditu bada jai batzorde mistoaren potentziala izan da». Hala, «batzordeak potentzia guztira funtzionatuko balu», aukera «mugaezinak» izango lirateke konpartsen ustez. Bide horretan, udal gobernuaren jokabidea positiboki baloratu zuten, «guztiok norabide berean arraun egiteko gai» direla frogatu delako. Alde Zaharreko dendariekin egindako elkarlana ere aipatu zuten, «jai esparruan beste eremuetako sektoreak batzea positibo eta aberasgarria» dela erakutsi dutelako.

Balantzearen alde positiboan jaiek iraun duten bederatzi egunetan bizitako giroa aipatu zuten, «bereziki egunez Zazpikaleetan zein txosnen inguruan egondako giro itzela». Umeen presentzia eta azken urteetan indarra hartuz doan eguneko giroa ere aipatu zituzten.

Parte hartze handia ere izan zuten hizpide. Mota guztietako 500 ekimen baino gehiago antolatu dituzte konpartsek eta aparteko aipamena izan zuten hiri krosak eta lehiaketa gastronomikoek. Izan ere, «tortillak jada ez dira Areatzan sartzen» eta «ehunka kazola» aurkeztu dira antolatutako lehiaketetara.

Eraso matxistak aztergai

Balorazioaren alde negatiboan, «eraso matxistak» kokatu zituzten konpartsek. Gogoan izan zuten jaiak hasi baino lehen bota zuten mezua: «Kaleak, gauak, jaiak gureak dira... emakumeonak». «Ikusi dugunez ez dugu lortu jendartean ematen den egoera lazgarri honetan Aste Nagusia burbuila izatea», onartu zuten. Horregatik, Euskal Herriko jai eragileekin batera hausnarketa zabaltzeko asmoa dute Bilboko Konpartsek, mugimendu feministaren eta beste eragile eta adituen partaidetzarekin, eta instituzioek ere parte hartu beharko luketela adierazi zuten.

Hurrengo Aste Nagusiari begira hobetu beharrekoen artean, nesken komunen urritasuna aipatu zuten konpartsek, eta Aste Nagusia noiz egin ere «sakon hausnartzekoa» dela aipatu zuten. Oihana Pascual txupinera eta Gurutze Beitia pregoilariaren jarrera goraipatu zuten azkenik, «eredu» izan direlako konplizitatea, jarrera positiboak eta jai giroa bultzatzen.