GARA
DONOSTIA

Babes sistema propioaren alde lan egiteko deia egin du LAB sindikatuak

Madrilgo Gobernuak «pentsio eta prestazio baxuagoak ezartzeko» duen egitasmoak alargunen eta umezurtzen pentsioek murriztea eragingo lukeela-eta, «beste aldera ez begiratzeko» eskatu die LAB sindikatuak Lakuako eta Iruñeko gobernuei.

Alargunen eta umezurtzen pentsioak Gizarte Segurantzatik kanpo finantzatzeko eta zergen bidez ordaintzeko proposamena egin zuen Tomas Burgos Gizarte Segurantzako estatu-idazkariak iragan abuztuaren 19an. Madrilgo Gobernuaren proposamenak eztabaida sortu du alderdi zein sindikatuen artean. LABentzat, Espainiako Bankuaren eta PPren Gobernuaren helburua argi dago: «babes sistema publikoa are gehiago ahultzea pentsio pribatuen planei bidea irekitzeko».

Ainhoa Etxaidek gidatzen duen sindikatuaren arabera, arazoa ez da aurrekontu-sailak leku batetik bestera mugitzea, baizik eta «nola lortu duintasunez bizitzea ahalbidetuko duten pentsio eta prestazioak».

«Eskubide murrizketari, zaurgarritasun handiagoari eta pentsioen zenbatekoen galerari aurre egiteko», neurri zehatzak eskatu ditu LABek: «Emakumezkoen okupazio tasa igotzea, borondatezkoak ez diren kontratu partzialen murrizketa, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalaren desagerpena eta soldaten zein gutxieneko pentsio eta prestazioen igoera».

Horrekin batera, «kontratazioan iruzurrarekin bukatzea, lan erreforma bertan behera uztea eta egiazko erreforma fiskal progresiboa indarrean jartzea» ere eskatzen du LABek. Azkenik, «soldata soziala izateko eskubidea pobreziaren mugaren gainetik egotea» onartu beharko litzatekeela uste du.

LABen ustez, Gizarte Segurantzaren egungo sistemak «ez ditu betetzen Euskal Herrian bizi garenon babes beharrak», eta, horregatik, deia egin die Lakuako eta Iruñeko gobernuei «beste aldera ez begiratzeko» eta Hego Euskal Herriko babes sistema «indartzeko». Hala, mobilizazioaren alde agertu da, «gure herriak babes sistema propioa izan dezan, 1.000 eurotik gorako pentsio eta prestazio ekonomikoak egon daitezen eta inor ez dadin bizi duintasunik gabe, prekarietatean eta pobrezian».

Elkarretaratzea

Duintasuna Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteak elkarretaratzea egingo du astelehenean Donostian, Santander banketxearen aurrean, gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea eskatzeko eta pobrezian inor ez bizitzeko aldarrikatzeko.