GARA
IRUÑEA

Ekaitzek arazo ugari sortu dituzte Euskal Herrian, batez ere Araban eta Nafarroan

Igande eta astelehenean izandako ekaitz bortitzek arazo ugari sortu zituzten Euskal Herriko leku askotan, batez ere Araban eta Nafarroan. Iruñean, esaterako, udaltzainek 99 irteera egin behar izan zituzten ekaitzaren eta haizetearen ondorioz. Teilatu zatiak edota zuhaitzak erori eta ur putzu handiak sortu ziren; hori dela eta, gune ugari txukundu behar izan zituzten suhiltzaileek.

Lizarran, suhiltzaileek hainbat errepidetan sortutako putzuek eragindako eragozpenei egin behar izan zieten aurre. Ezkirotzeko industriagunean haizeak farola bat bota zuen eta Zizurren hainbat teila erori ziren, baita antena paraboliko bat ere. Arazoak izan ziren baita Barañainen eta Mutiloan ere.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak N-135 errepidean izandako hainbat mozketaren berri eman zuen. NA-234 errepidean, aldiz, Artaitz inguruan, auto batek bidearen erdian zen enbor batekin talka egin zuen; zorionez, ez zen zauriturik egon.

Ipar Euskal Herrian ere arazoak eragin zituzten ekaitzek, bereziki barnealdean. Atzo goizean Ezterenzubin eta Zuberoako hainbat zonaldetan argirik gabe zeuden oraindik. Hala ere, argindarrarekin izandako arazo gehienak gauean zehar konpondu zituzten. Suhiltzaileek 30 irteera egin behar izan zituzten.

Arabari dagokionez, suhiltzaileek 32 irteera egin behar izan zituzten. Besteak beste, eroritako adarrak kendu behar izan zituzten Gasteiz, Guardia, Villanañe eta Añanan. Iruña-Veleian, berriz, gizon bat igogailu batetik atera behar izan zuten bertan itxita gelditu baitzen eta Otxandion zirkuitulabur baten ondorioz sortutako sute bat itzali behar izan zuten. Urbasan ere sute bat sortu zen farola batean, baina euriak itzali zuen. Azkenik, Gasteizko San Ildefonso elizako burdinazko gurutzea erortzeko zorian zegoela-eta, kalea moztu behar izan zuten suhiltzaileek.

Mahats uzta kaltetuta

Arabako Errioxan mahats biltzeari hasiera emateko zorian daude (irailaren 20an), baina egunotako txingor eta euriak uzta nabarmen kaltetu du. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia hainbat herritan izan zen atzo arratsaldean egoera zein den ikusten eta laguntza eskaintzeko asmoz.

«Egoera in situ ezagutzera etorri naiz. Gertatzen ari denaren berri badaukat. Nekazari, sektoreko ordezkari eta alkateekin hitz egin dut eta neurri batzuk berehala hartu behar dira; esate baterako, landa bideak lehengoratzea», aipatu zuen bisitaren ostean Gonzalezek.