Idoia ERASO
URRUÑA

Ikasturte hasiera lasaia Ipar Euskal Herriko hezkuntza zentroetan

Lehen klase eguna izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko hezkuntza zentroetan, EAEn hilak 8an hasiko dira eta Nafarroan 10ean. Seaskak hiru ikastola berrirekin ekin dio ikasturteari; Biriatu, Azkarate eta Basusarrin daude, eta Ziburukoak ere lokal berria estreinatuko du bihar.

Joan den ikasturtean abian ezarritako lau egun eta erdiko erritmoaren ondoren, aurtengo eskola sartzea lasaia izan da Ipar Euskal Herrian, zentro bakar batzuk besterik ez baitira gelditzen erreforma ezartzeko. Pirinio Atlantikoetan 82.000 ikasle dira orotara eskola, kolegio eta lizeoetan. Datuak zehatzak ez badira ere, Ipar Euskal Herrian Lehen Hezkuntzan 31.700 ikasle izango dira, horietako 17.000 inguru eskola publikoetan. Seaskak 2015-2016 ikasturteko kopuruak ostiralean emango baditu ere, 3.300 ikasleko muga gaindituko duela aurreikus daiteke.

Pierre Barriere Akademiako inspektoreak Mediabaski adierazitakoaren arabera, Ipar Euskal Herrian «egonkor» mantentzen da ikasle kopurua sare publikoan. Zenbaki zehatzak ezagutzeke, barnealdearen eta kostaldearen arteko joera ezberdinak aipatu zituen. Barnealdeak ikasleak galtzen dituen bitartean, kostaldean kopuruak gora egiten du. Behin datu zehatzak eskuan, irakasle lanpostuen egokitzapenak egingo dira.

Aurreko ikasturtean arazo handiak izan ziren barnealdeko ikasgela bakarreko eskola publikoetan. Zentro horietan 5 urtetik gorako haurrak bakarrik hartzeko deliberoari errekurtsoa jarri zioten guraso elkarteek. Epaitegien ebazpenaren zain dela agertu bazuen ere, honakoa adierazi zuen Barrierek: «Ez da ikasleen onerako zortzi maila ezberdinetako haurrak klase bakarrean ezartzea. Hobe da hamabost ikasle sei mailatan ezartzea, ikasgela bakarreko eredua horretarako egina baita».

Lizeoko ikasleei dagokionez, Baionako Cassinen aurten 476 leku eskaini dituzte, eskaerak 1.000 izan badira ere. Hainbat kexu izan dira horregatik, kanpo geratutako ikasleak Louis de Foix zentrora joan beharra baitute, eta bertan ez baitago Cassinek eskainitako ikasketa guztiak egiterik. Hori ikusita, hainbat ikaslek eredu publikoa utzi eta hezkuntza pribatura jotzea erabaki dute.

Berrikuntzak ere ekarri ditu ikasturteak. Hori izan da Angeluko kasua, bertan 23 bideo proiektagailu interaktibo ezarri baitituzte eskoletan. Tresna berri horiei esker «munduari ate bat irekitzen» zaio Jean-Jaures eskolako talde pedagogikoaren arabera. Internet baliatuta informazioa eskura daiteke, bide batez gurasoen eta irakasleen arteko harremana erraztuz.

Seaska

Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak 34 zentro ditu aurten. Azken urteetako joera indartuz aurten ere beste hainbat herritara hedatu dira euskara hutsezko ikastolak. Hala, Basusarri, Azkarate eta Biriatun ireki zituzten atzo ikastolak.

Biriatuko ikastolak bost ikaslerekin abiatu du ikasturtea eta urtarrilerako seigarren bat espero dute. Proiektuaren oinarrian diren gurasoek hurrengo urteetan kopuruak gora egingo duela uste dute. Egitasmoa duela bi urte abiatu eta aurreko udazkenean zehazten joan zen. Herriko Etxeak ez zien lokalik utzi nahi izan, baina alokatzaile pribatu batek erdigunean lokal bat alokatu die prezio merkean. Seaskarekin mintzatu ondoren Udalak zerbitzu batzuk ematea onartu du azkenean, jantokia eta haur zaintza esaterako.

Ziburuko ikastola duela bi urte sortu baldin bazen ere, aurtengoa estreinaldi urtea du, ostegunean gune berrian abiatuko baitu ikasturtea. Herriko Etxearekin izandako gatazka guztien ondoren ikastolen federazioak lur eremu bat erosi zuen erdigunean ikasleei harrera egiteko. Hilabete batez lurra egokitu eta aurrefabrikatuak ezarri dituzte bertan. Lanak bukatzeko astia eskas, atzo beharrean bihar estreinatuko dute ikastola.

Seaskaren lizeoa ere zeresana ematen ari da. Ikasle kopuruaren handitzeari aurre egin ahal izateko, eta lizeo teknikoa eskaintzeko, Biarritzen egin behar zen eraikina azkenean Baiona iparraldean egingo dela dirudi. 2017-2018 ikasturterako eginda izan beharko da eraikina, bai behintzat Akitaniak emandako diru laguntza galdu nahi ez bada. Azkenik, aipatu ikasketa profesionala eskaintzen hasi dela Seaska, kudeaketa arloan.