Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Mintzagaiak asmatzen

Duela bi hilabete, gure arteko sinologo saiatuenen jakin-mina zen aurtengo udan Beidaihen zertaz hitz egingo ote zen. Ez zen kezka banala, ez pentsa. Beijindik hirurehun bat kilometro ekialdera, Bohaiko itsasertzean dagoen udalekua da Beidaihe; hango freskurara bideratzen da urtero Txinako elite gorena (iraganekoa, oraingoa eta etorkizunekoa) udan, Beijingo sapatik ihesi. Iraultza Kulturala arte, ministerio batzuen egoitza ofiziala ere bertara eramaten zen; gero usadio hori eten egin zen, baina agintari gorenak hara joaten dira udan orain ere. Besteak beste, topaleku horretako egonaldian urtero egin ohi diren ikastaro-solasaldi-hausnarketa ez arautuek markatu ohi dutelako ondorengo urte(eta)rako norabidea Txinako politikagintzan.

Beidaiheko bilkura horien erabakigarritasuna hain da ezaguna ze sistemaren ahotsa diren hedabide batzuek ere, aurten behintzat, aurreratua zuten ekonomiaz hitz egingo zela. Asmatu dutela apustu egingo nuke. Hitz ez ezik, lan ere egin behar izan dutelako aurten hango udatiarretako batzuek. Shanghaiko burtsatik abuztuan igaro den tifoiak sistemaren ahalmenak probatu (eta baita ere drainatu) ditu; eta emaitza ikuskizun dago oraindik. Bidenabar, renminbiaren debaluazio planifikatuak ere beste irakurketa bat eduki dezake. Eta, azkenik, Tianjineko eztanda ikaragarriaren uhinak ia fisikoki iritsiko ziren Beidaihera... Beraz, seguru hitz egin dela ekonomiaz, adierarik zabalenean.

Munduko bigarren potentzian agintzen duten horien mintzagaiak asmatzen ipinita, gustatuko litzaidake gaur bertan pertsonaia bertsuek, beste agertoki batean, Japoniaren aurkako gerrako garaipenaren 70. urteurrena ospatzen duen desfile erraldoiaren burutzako oholtzan, zertaz ari diren hizketan zelatatzea. Zehatzago, ea zenbatek ahoskatzen duten hango denek gogoan izango duten esapide zaharra: «zhengzhi gua shuai». Politikak du lehentasuna. Iraganeko eztabaida ekonomiko gehienetan agertu ohi zena.