Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Arrazoiak

Gogoak eman dizulako, gurasoei pulamentuzko zerbait egiteko gai izan zarela erakusteko. Kantu sorta bat duzulako, munduak ezagutu beharreko arte-puska. Tokatzen zaizulako, irratian zure izena entzun eta ikaskide-ohien urteroko afarian haien inbidia sumatu nahi duzulako. Behartu zaituztelako, lagunen fede itsuari muzin ez egiteko, musikari batek hori egin behar duelako. Probatzeko, beste bat egiteko gai izan zarela esateko, egoa asetzeko, nekatzeko, nazkatzeko, aspertzeko edo nardatzeko. Epaiketa baten gastuak ordaintzeko. Bazterrak nahasteko, herriko prentsa-irakurleen begiradak atzemateko.

Besterik egiteko gai ez zarelako, publizitatea behar duzulako, azkena noiz izango den deskubritzeko. Fansak zain dituzulako, oraindik maite ez zaituen jendearen maitasuna irabazten hasteko. Jendartearen begirunea lortzeko, mundua aldatzeko. Jendeak entzun dezan, behingoz, esateko dituzun ezinbesteko kontu horiek, nola bizi izan ote dira orain arte informazio hori gabe? Lehenengoa delako edo azkena, engainatu zaituztelako, dirua edo baliabideak dituzulako, zalaparta egitea gustatzen zaizulako, zertarako oparitu zizun osaba batek gitarra? Zure izena urrez idatzi nahi duzulako musikaren historiaren liburuan. Euskal musika salbatzeko. Hamaika arrazoi dira disko bat kaleratzeko, askotarikoak, gutxitan entzungo diozu inori, ordea, disko bat sortu duela aberasteko.