Mikel Kintana eta Juan Mari Zulaika
Ekoneus elkarteko kideak
KOLABORAZIOA

Zertarako aurreratu Legea?

Aurtengo urtarrilean, Jaurlaritzak Erkidegoko Kutxa eta Banku Fundazioen Lege Aurreproiektu berria aurkeztu zuen Legebiltzarrean eztabaidatzeko. Zuzenketa batzuekin uztailean berriro aurkeztu dute. Bata zein bestearen helburua zera da, Estatuak 2013ko abenduan onartutako legeari egokitzea Euskadiko legedia.

Harrigarria, benetan, aurreproiektua une honetan aurkeztea, Estatu espainoleko hauteskunde nagusien atarian gaudelarik, non mapa politikoa erabat aldatu daitekeen.

Gogora dezagun Legea Legebiltzarrean PPren botoei esker, UPN eta EAJren laguntzaz, onetsi zela. Berau harro azaldu zen behin, Kutxabanki egoki zetozkion aldaketak testuan sartu zituelako. PSOE, beste batzuen artean, abstenitu egin zen.

Gerora, 2014ko maiatzean, EAJk berak Rajoyk ateratako aldaketa bati aurka egin behar izan zion, etorkizunean Kutxabank Euskal Herritik bertatik babestu ordez, Estatu zentraleko atzaparretan jartzeko tranpa zekarrelako. Atera kontu, bada, lege hori hobetzearen alde egon behar litzatekeela EAJ.

Indar sortu berrien agerpenak Alderdi Popularraren gehiengo absolutuaren urraketa ekar lezake. Eurekin izandako elkarrizketatik, Ekoneus-ek nabari du prest leudekeela euren egitarauetan lege hori aldatzeko proposamenak eramateko.

Bestalde, oraindik Estatuak ez du agertu ilbeltzean agindutako zirkularra. Beraz, ez dakigu nola erregulatuko duen fondoekiko bete beharreko erreserba, antzinako aurrezki kutxen lan soziala arriskuan jar dezakeena, orain beste zaindu nahi bada Kutxabanken ondarea.

Horra hor euskal kutxei mehatxatzen dien hurrengo Damoklesen ezpata, noizbehinka, bere komenentziaz, Rajoyren gobernuak astintzen duena.

Bitartean, ikusten dugu finantzaketa tresnekiko ideia ugari zabaltzen ari direla, gobernu autonomoek erabakiak hartu ahal ditzaten talde finantzarioen loturarik gabe, horiek ez baitute begiratzen beren onura baino, gizartearenaren ordez, Euskadik hain beharrezko duen sare industriala sortzeko behar lituzkeen kredituak ukatuz. Hara, adibide gisa, Gobern-aren proposamena, alegia, Finantzetako Kataluniar Institutuaren bidez Banku Publiko bat sortu, edo UGT eta CCOOk planteatu dutena, hots, banku publiko bat sortu behar dela, krisia saihestea erraztuko lukeena.

Uztaileko aurreproiektua aztertzen bada urtarrilekoaren ondoan, harrigarri deritzogu nola “Irekia” orri ofizialean agerturiko 40 ekarpenetatik –lau baino ez ziren proiektuaren aldekoak, bat ere ez aurrezki kutxetatik–, bat ere ez den izan onartua.

Aldez kontra, bai, etorkizuneko akziodunentzat mesedegarri liratekeen aldaketak sartu dira, Gizarte Ekintzarako bideratu behar liratekeen Kutxabank bankuko dibidenduak eskuratzeko kondizioak samurtuz, akziodunen eskuetara errazago pasa daitezen, Kutxen Patronatuak adierazi bezala. Kutxen helburu ziren Gizarte Ekintzako fondoak murriztea suposatzen du joko horrek, egun joera markatuz. Neurri hauekin bankua eskuragarriago izango dute etorkizuneko erosleek.

Horregatik guztiagatik, uste dugu, une honetan, udazkeneko hauteskundeak ekarriko dituzten emaitzak ezagutu aurretik, garaiz eta jokoz kanpo datorrela aurreproiektuaren aurkezpena.