Aimar Etxeberria
Kazetaria
IKUSMIRA

Eta alderantzizko bideari ekingo bagenio?

Irailean sartu berriak gara eta horrek, askorentzat, lanera itzultzeko garaia dela esan nahi du. Ez da inbidia emateagatik, benetan, baina oraindik geratzen gara iraila oporretarako hartzen dugun batzuk; uda guztia erredakzioan pasatu eta lankide guztiak itzultzen direnean ospa egiten dugun gutxi batzuk.

Aurtengo «uda» aspaldian buruan nuen esperientzia bat bizitzeko baliatuko dut –hau ere ez da inbidia emateko, serio–: Europa trenez zeharkatuko dut. Bruselan (Belgika) hasiko dut bidaia eta Dubrovniken (Kroazia) amaitu; bidean, Holanda, Alemania, Polonia, Txekiar Errepublika, Austria, Hungaria, Serbia edo Bosnia bezalako herrialdeak zeharkatuz.

Ongi esan dut, bai: bidaia trenez egingo dut. Aitortu behar dut azken egunetan hedabideetan ikusten ari garen irudiek zer pentsatu eman didatela, nire lasaitasunean eragin apur bat izan dutela; ez bidaia zalantzan jartzeraino, ordea. Trena da –Turkiatik barrena Grezia igaro eta behin Mazedonian sartuak direnean– etorkin eta errefuxiatuek erabiltzen duten garraioa, eta gehienek Alemania dute helburu. Azken aste honetan ikusi dugu nola itxi duten Budapesteko tren geltokia etorkin eta errefuxiatuen uholdea zela-eta, eta ikusi dugu nola behin trenera igota jaitsarazi egin dituzten euren «bidaia» moztuz.

Kezka puntu bat sorrarazten dit horrek. Agian niri ere ez didate trenera igotzen utziko, edo agian Siriara edo Irakera bidaliko naute, nork daki. Dakidana da, arazoa aurreikusi bezain pronto, pasaporte espainola hartu eta gogoz altxatuko dudala, harro itxuran, badaezpada ere.