Idoia ERASO
ZIBURUKO KASKAROTENEA

HERRIARI ESKER ERAIKITAKO IKASTOLA ESTREINATU ZUTEN ATZO

LANGILEAK AZKEN HESIAK JARTZEN ARI ZIREN BITARTEAN, GURASO ETA HAURREK KASKAROTENEAREN EGOITZA BERRIAN IKASTURTEARI EKIN ZIOTEN ATZO. HAURREN BATEN NEGARRA KENDUTA, POZA ZEN NAGUSI EUSKAL HERRIKO JENDEAREN ELKARTASUNARI ESKER LORTUTAKO IKASTOLA BERRIA IKUSITA: HIRU GELA HANDI ETA LEKU ESTRATEGIKOA.

«Ikastola hau denena da, sostenguari esker erosia izan da lurra. Herriko Etxetik ez gintuzten lagundu nahi, baina azkenean lagundu dute toki ona aurkitzen eta dinamika bat pizten euskararen alde», erran zuen Maialen Tapia ikastolako irakasleak. Gogoan izan zituen Euskal Herri osoko eskolak, elkarteak, udaletxeak, enpresak, norbanakoak...

Egoitza berrira eraman dituen gatazka izan zuen hizpide Lydia Doboto amak: «Pena izan da Herriko Etxeak hartu zuen jokabidea, gatazka gutxiago izanik, diru gutxiago eman beharko zen hemen eta beste gauza batzuetarako erabili. Bestalde, egin dizkiguten dohaintzak egundokoak izan dira». Prefabrikatuak eta eremuko egokitzapen lanak Seaskak ordaindu baditu ere, lurra diru ekarpenei esker erosi ahal izan dute, 300.000 euro.

Ikastolaren edertasunarekin loriatuak agertu ziren hezitzaile zein gurasoak. Gela argitsu eta handiak, joan de urtekoak baino hobeak. «Luxuzkoa», definitu d irakasleak gunea: 210 metro koadro prefabrikatuen barnean eta 600 metro koadro kanpoan. Aterpean hiru gune ditu, ikasgela, pausa gela eta jangela. Komunek eta bulego txiki batek osatzen dute ikastola.

Gune berriak 45 ikasle hartzeko aukera emango lukeela adierazi zuen Laida Mujika Kaskaroteneako presidenteak, eta muga horretara urte batzuetan helduko direla ere uste du. Aurreko urteko gatazkak ez du hazkundea gelditu. Duela bi urte hiru haurrekin abiatu zen zentroa aurten hamalaurekin hasi da, eta bukatzerako bederen hemezortzi izango dituzte.

Ikasleak leku ezagunera hurbildu ziren atzo. Finantzaketa bezala ikastolaren egokitzapena elkarlanean egina izan denez, haurrei lagunduz gurasoak gela hutsak betetzera hurbildu dira azken asteetan. Langileek epeak bete dituzte, eta gune berriaren estreina bi egunez atzeratu behar izan bada ere, dena «oso fite» egina izan dela nabarmendu zuen presidenteak.

Lur eremua uztailaren bukaeran erosi zuten, eta hilabeteren buruan, haurrek ikasturtea abiatu zuten atzo. Bost aste horietan lurra egokitu, prefabrikatuak ezarri eta barneko material guztia bere lekuan jarri dute.

Ikasle berriak

Aurreko urteko ikasleak berriz hurbildu dira ikastolara, eta berriak ere erakarri ditu. Geraldine Malaquin senarrarekin Estatu frantseseko iparraldetik Lapurdira bizitzera etorri zen duela bost urte, eta semea Ziburuko ikastolara sartu du. Bertako giro familiarra eta Seaskan sartzeak suposatzen duen inplikazioa izan dira bertaratzeko arrazoietako batzuk. «Bizia partekatzea, lotura sortzea eta horrek ekartzen dituen balio moralak», aipatu zuen.

Euskara eta euskal kulturaren ezagutza gizartean integratzeko bide bezala ikusten du Malaquinek. Senar-emazteak euskara ikasten ari dira, eta joan den urteko ikastolaren aldeko mobilizazioetan parte hartu zuten. Era pertsonalean bezala, familia gisara engaiatzea dute xede.

Gurasoen inplikazioaren beharra izan da orain arte, eta izango da hemendik goiti ere. Erasoen aurrean atxikiz, argindarrik gabe, etengabeko mehatxuekin, isuna ordainduz... bide zaila izan dute. Hori salatzeko kanpaina eta manifestazioa antolatu behar izan zuten, Seaskak inoiz egin duen martxa jendetsuena. 5.000 pertsona bildu ziren azaroaren 8an Ziburun.

Azken asteetan ikastola prestatzeko egindako lan fisikoaren ondoren, Seaskako guraso guztiak bezala, taloak egiten ibili beharko dira hemendik goiti. Joaten ari zaigun uda honetan hasi dira jada lan horretan; izan ere, aurrekoan ez bezala Herriko Etxeak aurten plazan taloak saltzea baimendu die. Harremanak hobetzen ari diren seinale? Horrela izatea espero du Mujikak: «Dena ikusteko dago», halere.

“Herri bat ikastola bat!”, lelo horri segituz Seaskak urtero ikastola berriak irekitzen ditu Ipar Euskal Herriko herri batean edo bestean. Kaskarotenea atxikitzeko izan den borrokak erakutsi du ez dela erraza ikastolei ezetz esatea, baina proiektuak aitzinaraztea beti aise egiten den lana ez dela ere agerian geratu da. Halere, aurrera segitzen dute, eta aurten beste hiru herritara heldu da ikastola: Biriatu, Basusarri eta Azkarate.