Arnaldo OTEGI

Aupa Jose Luis!

Omen, sintesirako gaitasuna guztiz beharrezkoa da gauza asko hitz gutxitan laburtzeko. Nik ez dakit daukadan, baina bederen saiatuko naiz. Ezer baino lehen hor bildutakoei aitorpen bat egingo dizuet: nik Jose Luisi buruz gauza onak besterik ezin ditut esan... besteak beste, bai bera bai bere belaunaldiko hainbatekin asko ikasi dudalako.

Eta ikasi ditudan gauzen artean kontzeptu ezberdinak datozkit burura: printzipioak, baloreak, herriarekiko maitasuna, konpromisoa... Enetzako ikastea irakastea baino garrantzitsuagoa da, edo beste era batera esanda: ikasten ez dakiena nekez izanen da irakasle ona. Eta guk ikasi duguna Jose Luis bezalako maisu handietatik ikasi dugu. Baina maisu onak edukitzea ez da nahikoa, ikasteko baldintza batzuk beharrezkoak dira: lehendabizikoa, hitz egitea baino entzutea, eta, bigarrena, euskal kulturan ongi ereindako printzipio filosofikoa oso kontuan hartzea: esperientzia luzeko gizon-emakumeei arretaz entzutea eta beraien iritzia beti kontuan hartzea. Sekula ahaztu gabe guretzat badela azken maisu bat, nagusiena, bere iritzia beti erabakigarria dena: gure herria.

Ekialdeko jakinduria laburbiltzen duen esaldi batek honela dio: «Bidean galduta bazaude, edo nondik jarraitzen duen zalantzati bazaude... itzuli beti bidea hasi zenuen tokira». Egun, bide luzea egin dugun honetan, berriz ere Erreformaren edo Haustura Demokratikoaren arteko talka ate-joka dugu. Orain dela 35 urte halako trantze historikoan egon ziren Jose Luis eta berarekin batera Herri Batasuna antolatu zutenak. Horregatik behar ditugu orain ere bidelagun, gure alboan, eta ez bakarrik sekulako esperientzia dutelako, horregatik ere bai noski... baina gehienbat beraien baloreak berreskuratu behar ditugulako bidea egiten jarraitzeko. Baloreak, bai! Ezin daitekeelako gizarte alternatibarik eraiki edo planteatu, gure bizitzak eta ekinbideak balore alternatiboekin eraikitzen ez baditugu.

Agintzea baino entzutea, esaten denaren eta egiten denaren arteko orekan bizitzea, kontsignak baino argudioak ematea, lanerako prestutasuna edukitzea, apaltasuna, maitasuna, alaitasuna, bizipoza, eskuzabaltasuna, elkartasuna, irribarrez osaturiko proiektu askatzailea, herriarekiko enpatia, autokritikoa izateko jarrera... baloreok dituelako miresten dut Jose Luis, errespetatu, maitatu.

Betiere bidean zalantzak ditugunean lagun eta babeslekua izanen delako, beti burkide... herri, harri eta harro! Biba zu!

Bukatzeko eta justua izateko, miresmen bera eta maitasun bera helarazi nahi diot Mari Carmeni. Muxu handi bat!