Ariane KAMIO
DONOSTIA

Emily Watsonek jasoko du Donostia Saria irailaren 25ean

Emily Watson aktore britainiarrak jasoko du aurten Zinemaldiko Donostia Saria, irailaren 25ean egingo den ekitaldian. Hastapenak antzerki munduan eginda, Lars von Trier-ekin egin zuen debuta zineman, «Breaking the Waves» filmarekin. Bess McNeillen paperean egindako lanak nazioarteko sona eman zion, baita Oscar sarirako eta Urrezko Globorako izendapenak ere. «Angela’s Ashes» filmean egin zuen lana ere gogoangarrienetakoa da.

Bi aste justu-justuan falta zirela egin zuen atzo Donostiako Zinemaldiak 63. edizioaren aurkezpen ofiziala. Jendetza batu zuen jaialdiak Donostiako Londres hotelean ezarritako hitzorduan. Kazetari, gonbidatu eta langileen begiradapean egin zituzten aurkezpen lanak Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Joxean Fernandez eta Maialen Beloki Zuzendaritza Batzordeko kideek. Gehientsuena, baina, aurkeztua du dagoeneko Zinemaldiak eta iragarpen biren zain ziren bertaratutakoak: Donostia Saria eta epaimahai ofizialaren osaketa. Azken horren pistarik ez zuten eskaini, konfirmatu gabe baitauzka oraindik antolakuntza taldeak kide guztien izenak. Baina sariak bai, izan zituen izen eta abizen bat. Aste honetan bertan Rebordinosek berak iragarri du Youtuben grabatu eta Twitter bidez zabaldutako bideo batean emakume bat izango dela aurtengoan sariduna. Eta ez zuen inor engainatu. Emily Watsonek (Islington, 1967) jasoko du Donostia Saria irailaren 25ean egingo den ekitaldian.

Antzerkigintzan egin zuen hastapeneko bidea Watsonek, Britainia Handiko hainbat konpainiatan, horien artean, Royal Shakespeare Company delakoan. Zinemarako jauzia, baina, 1996an eman zuen, Lars von Trier zuzendari danimarkar entzutetsuarekin. “Breaking the Waves” lanean Bess McNeill pertsonaiaren azalean jarri zen Watson eta lan hark nazioarteko onarpena ekarri zion. Baita hamaika sari jasotzea ere: Los Angeleseko, Londreseko eta New Yorkeko Idazleen Zirkuluenak, AEBetako Zinema Kritikarien Elkarte Nazionalarena, eta Oscar sarirako eta Urrezko Globorako izendapenak. Bi sari horietarako beste bi izendapen jaso zituen handik bi urtera “Hilary and Jackie” filmarekin.

Hortik aurrera, hainbat lanetan parte hartu du Watsonek ospe handiko zuzendarien aginduetara. Tim Burton eta Steven Spielbergekin lan egin du. Alan Parkerrek “Angela’s Ashes” film luzerako hautatu zuen eta Bafta sarietarako izendapena jaso zuen orduan.

Watsonena izango da aurten Zinemaldiak emango duen sari bakarra, hurrengo egunetan beste izenen bat baieztatzea lortzen ez bada bederen.

Datozenak

Irailaren 18tik 26ra Donostian izango diren izar zenbaiten izenak ere jakitera eman zituen atzo antolakuntzak. Besteak beste, Sienna Miller, Tom Hiddleston, Luke Evans, Ellen Page, Emily Blunt, Benicio del Toro, Tim Roth, Laurie Anderson, Karin Viard, Isabelle Carre, Ricardo Darin eta Alejandro Amenabarrek baieztatu dute etorriko direla.

Sail Ofizialekoak ez, baina beste ataletako epaimahaikideen izenak dagoeneko ezagunak dira. Diego Lerer buru duen taldeak erabakiko du Kutxabank Zuzendari Berrien Saria nork eramango duen. Taldekide izango ditu Francine Brücher, Desiree Fez, Olivia Stewart eta Edgard Tenembaum.

Horizontes Sarian Agustina Chiarino izango da presidente eta Fran Gayo eta Ruben Otxandiano, epaimahaikide. Euskal Zinemaren Irizar Sarirako beste hiru kide: Jose Mari Goenaga (presidente), Maria Elorza eta Dolores Meijomin. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetako epaimahaiburua, bestalde, Benedit Elingsson izango da.

Alejandro Amenabarren “Regression” filmak zabalduko du irailaren 18an 63. edizioa eta Rufus Norrisen “London Road”-ek itxiko du hilaren 26an. Hamazazpi izango dira orotara Urrezko Maskorraren lehian sartu diren film luzeak, horien artean, Asier Altunaren “Amama”. Bigarren urtez jarraian euskaraz egindako film bat izango da lehia ofizialean. Imanol Uriberen “Lejos del mar” eta Alex de la Iglesiaren “Mi gran noche” ere Sail Ofizialean izango dira baina lehiaz kanpo.