Maider Iantzi
Kazetaria
IKUSMIRA

Ezinezko ipuinen umeak gara

Opor luzeen (baina, era berean, ziztu bizian igaro diren egun libreen) ondorengo lehendabiziko “Ikusmira”-rako ipuinak hartuko ditut gaitzat. Lotan (eta esna) egiten ditugun ametsetan laguntzen digutenak. Gauetan begiak ixtean geure buruari kontatzen dizkiogunak, haurrak ginelarik helduek kontatzen zizkiguten gisan. Batzuetan errepikatu egiten diren horiek, obsesio moduan, ttikitan komiki edo marrazki batzuekin tematzen ginenean bezala, arrats batean bai eta hurrengoan ere bai buruz ikasitako istorio bera leituz.

Txoko guztietan daude istorioak, guztiok dugu bat.

Ipuinez idazten ari naiz, telebistarik eta ia-ia Internetik gabe egon naizen denboran egunkariaren ordez nobelak izan ditudalako esku artean. Ipuinez idazten ari naiz sarri errealitatea baino errealagoak direlako. Benetan inporta duena direlako. Irati Jimenezen “Nora ez dakizun hori” liburuak harrapatu nau; ez da berria, baina bai aurkikuntza bat. «Mundua bukatzen den leku honetan egingo dudan azken egunean idazten dizut –dio–, jakin dezazun ezinezko ipuin baten seme-alabak garela, eta ezinezko ipuin bateko anai-arrebak, eta egunen baten ezinezko ipuin batean aurkituko dugula elkar, ezinezko senar-emazte».

Berriro «konektatu» naizenean, ohi bezala, istorio tristeekin egin dut topo. Gu libre atera gara bertze munduak ezagutzera, baina gu bezalako bertze batzuk bizimodu baten bila gure mundura sartu ezinik dabiltza.

Kazetariok ipuin ehiztariak bagara, nik ezinezko ipuinak bizi, bildu eta kontatu nahi ditut, errealitatetik salbatzeko.