Maider IANTZI
DONOSTIA
HAUTETSONTZITIK ERABAKIRA

Bide-orri adostua lortzea, Gure Esku Dagoren ikasturte honetako xedea

«Eskura» hausnarketa aurkeztu du Gure Esku Dagok, erabakitzera ailegatzeko ibilbidearen lehen geltokia, noiz eta aldeko haize bolada galanta datorrenean Katalunia aldetik. Badaki gurean ezaugarri eta baldintza bereziak daudela eta xedea definitzeko ordua iritsi dela. Hala, hautetsontzitik erabakirainoko bidea jarriko du herritarren eskura.

2014ko giza kate ikusgarriaren eta aurtengo hautetsontzi erraldoien ondotik, definitzeko unea ailegatu zaio Gure Esku Dagori. Hala agertu zuen Angel Oiarbide herri ekimenaren ordezkariak: «Ikasturte honetarako gure buruari jartzen diogun helburua da adostasun eta elkarlanerako eremua sortzea, herri honek noiz eta nola erabakiko duen argitzeko bide-orri adostu bat lortzea».

Honako kronograma planteatu dute: eztabaida txostenaren aurkezpena, atzo egin zutena; astelehenean hasita eztabaida fasea herri eta auzoetan, baita sarean ere; azaroaren 9a ekarpenak aurkezteko azken eguna; eta azaroaren 21ean Ezohiko Batzar Nagusia, «erabakiaren aroa gauzatzeko tresna».

Donostiako Eureka zientzia museoan bildu zen atzo goizean hainbat eta hainbat kide, kamiseta laranjak soinean, “Eskura” hausnarketa lantzeko. Goiz erdian atsedenaldi bat egin zuten, hedabideei eman nahi duten hurrengo pausoa azaltzeko.

Egunak hala eskatuta, Kataluniari so hasi zuen Oiarbidek hitzaldia, ezinezko zirudiena ia normal bilakatu duela erranez, Eskoziak bezala. «Hauek erabaki zuten, eta betiko aldatu dute oinarri-oinarrizko funtsa. Eskozia zer den eskoziarrek erabakiko dute beti. Eta prozesu oso ezberdin batekin, Katalunia ere bidezidor berera iritsi da». Ohartarazi zuenez, Europa aldatu ez arren, bere baitan bizi diren herrien, eta bereziki herritarren, artean izugarrizko aldaketa gertatu da.

Hautetsontzi propioen beharra

Erabakiaren aldeko haizea dabil, baina, Gure Esku Dagoren iritziz, hori ez da aski, gurean erabakiak baldintza bereziak dituelako eta «gure hautetsontzi propioa eraiki behar dugulako erabaki nahi badugu».

Oiarbidek azaldu zuenez, ilusioa sortu du herri dinamika honek, herritarren arteko kohesioa, elkarlanerako eremua eta sinergia bilatu du ezberdinen artean. Aitortu zuen helburuetan ez dela behar bezainbeste definitu entzun izan dutela maiz, eta ez dela gezurra. «Izan ere, helburua definitzeak modua (zer eta nola) definitzea dakar, eta Gure Esku Dagok ezin du halakorik definitu nahikoa adostasunekin ez bada». Argi du adostasunak dakarrela definizioa, eta horretarako garaia iritsi dela deritzo.

Ariketa praktikoak

Instituzioak, milaka herritar antolatzen dituzten alderdi eta eragileak, elkarlanerako eremuak... Horien guztien artekari izan nahi du Gure Esku Dagok. Eta ariketa praktikoak eginen ditu.

Hasteko, Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zolloko ereduei jarraituko diote Goierri, Dima, Ispaster eta adostasunerako nahiko aukera dagoen eremu guztiek, erabakitzen hasiz. Asmoa herri eta auzo guztietan honako galderei erantzuten saiatzea da: «Ze galdera da egokia gurean? Ze bide jarraitu behar dugu herritarren gehiengo zabalak erabakia zilegi egin dezan?».

Jakina, herriz herri bilatuko den adostasun ariketa herri gisa egitea ezinbesteko ikusten dute, Gure Esku Dago indartsu batekin.

Da Vinci aretoa betetzen zuen jende guztia eskuak altxatuta, animo oihuekin amaitu zen Angel Oiarbideren hitzaldia, hausnarketa honetan parte hartzeko gonbidapena eta eskaria eginez herritar eta eragile guztiei. Argibideak eta informazio guztia, Eskura.eus atarian.

«Gure Esku Dago ez da lema bat, erabakia gauzatzeko herritarrok hartzen dugun jarrera bat baizik. Iaz herri eta auzo bakoitzean ehundu genituen oihalek borondate bat zuten beren baitan»

«Erabakiaren aroa gauzatuko bada 3.000.000 euskal herritar bizi garen lekuan, gutxieneko adostasuna eraiki behar dugu gaurtik erabakia gauzatuko den egunera»

ANGEL OIARBIDE

EKIMENAREN BOZERAMAILEA