Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Itzulpengintzak normalizazioan duen lekua aldarrikatu dute

Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, Eiziek itzulpen politikak zehazteko eta horiek aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eskatu zien erakunde publikoei. Etxepare Euskal Institutuaren Itzulpengintza Saria Isaac Xubinek eraman zuen, «Tempo de exilio» izenpean Joseba Sarrionandiaren obra galizieraz emateagatik.

Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna aldarrikapen egun bilakatu zen atzokoan. San Jeronimo itzultzaileen patroiaren egunean, izen bereko Donostiako kalean erakunde publikoei sektorea aintzat har dezatela eta euskararen normalizazio politiketan «behar duen lekua» eman diezaiotela eskatu zuten Eizieko lehendakari Mikel Garmendiak eta elkarteak argitaratzen duen “Senez” aldizkariko zuzendari Karlos del Olmok.

«Kulturan aurrera egiteko, kultura garatzeko eta komunikazioan aurrera egiteko» egun itzulpengintzak duen garrantzia nabarmendu eta alor honi «zor zaion arreta eta baliabideak» emateko eskatu zien Garmendiak erakunde publikoei eta, horretarako, itzulpen politikak «ondo definituta» izatea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen: «Inoiz baino argiago dago gaur egun, komunikazioan lekurik izan nahi bada, nahitaez dagoela Interneten presentzia eduki beharra eta hori bezain argi, gure ustez, itzulpen politika ondo zehaztu eta eraginkorrik gabe ez dagoela aurrera egiterik. Eta zer esanik ez, gu bezala, hizkuntza minorizatua duten herrialdeetan», ziurtatu zuen Eizieko lehendakariak.

Gauzak hala, erakunde publikoei eskatu zieten itzulpen politikak «ondo zehaztuta izateari lehentasuna» eman diezaiotela, «gurea ere kultura-hizkuntza izan dadin». «Garrantzitsua da gure gazteek Verne, Shakespeare edo Dickens euskaraz irakurtzea edota gidabaimena eskuratzeko gidaliburua euskaraz irakurtzea. Hori ere bada normalizazioa», gaineratu zuen Garmendiak, eta ondorioz normalizazio politiketan itzulpengintzak duen lekua aldarrikatu zuen. Era berean, Eizie orain dela 28 urte, itzulpengintzak nazioarteko egun bat izan aurretik (FIT Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak 1991n izendatu zuen San Jeronimo eguna itzultzaileen egun), sortu zela eta denbora horretan elkarteak egin duen lana nabarmendu zuen. «ItzuL posta-zerrenda, ‘31 eskutik’ bloga, NdN Euskal Itzulpengintzaren datu-basea... Adinez nagusi ez ezik, eskarmentudun ere bagara».

Adibide horien artean jarri zuen, halaber, Del Olmok zuzentzen duen “Senez” aldizkaria. Ekitaldia aldizkariaren 46. alea aurkezteko ere erabili zuten Eizieko kideek eta Del Olmok agerkariaren garrantzia nabarmendu zuen: «Etorkizunerantz doan oroimen zubi bat da aldizkaria, ondare immaterialaz ere diharduen ondare material bat», azpimarratu zuen, 1988an lehen aldiz plazaratu zenetik aldizkariak bildu dituen idatzi, ikerketa eta berrien sorta nabarmenduz.

Itzulpen Saria, Galiziara

Nazioarteko egunaren kariaz, Etxepare Euskal Institutuak Itzulpen Saria eman zion Isaac Xubin galiziarrari, “Tempo de exilio” izenpean Joseba Sarrionandiaren antologia poetikoa galizieraz emateagatik. Tabakaleran egin zen sariketa ekitaldian, Xubinek euskaratik galizierara zuzenean itzuli izana, itzulpenaren kalitatea eta lana kaleratu duen Kalandraka argitaletxearen lana goraipatu zuen epaimahaiak.

Ekitaldian, idazlearen arreba Maria Jesus Sarrionandiak autoreak sariketarako idatzitako testu bat irakurri zuen. Bertan, iurretarrak aniztasun kulturala «nahastea eta gatazka soilik» dela pentsatzen dutenak kritikatu eta «bere errekonozimendu unibertsalean puntuak galtzea mereziko lukeen hizkuntza bakarra beste hizkuntzen izaera unibertsala desagerrarazi nahi duen hura» dela nabarmendu zuen.