Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Mundu berri baterako urrats feminista egin zuten Baionan

Txalaparta hotsen artean animotsu eta txaloka hartu zuten, atzo, Baionan, Emakumeen Mundu Martxako karabana. Eguerdiko ekitaldiaren ostean, beste ekimen batzuk ere izan ziren Lapurdiko hiriburuan.

Bezperan Hazparnen geldialdia eginda, Lapurdiko hiriburuan, hain justu, herriko etxearen aitzinean bildu ziren dozenaka herritar, tartean, Jean-Rene Etchegaray auzapeza eta Martine Bisauta auzapezordea.

Adin guztietako emakumeak nagusi, feminismoaren alorreko taldeetan aspaldi diharduten Anuntxi Aranak eta Veronique de la Devezek hartu zuten hitza, bost urtetik behin egiten den martxaren nondik norakoak azaltzeko. Mundu osoko emakumeak izan zituzten gogoan, ibilaldiaren zioak azaldu aitzin, hala nola «elkarrekin antolatuz, bestelako bizimodua posible» dela, «mugimendu feminista, antikapitalista eta globalizazioaren aurkakoa» ere badela agerian uztea eta gero eta garrantzi handiagoa duten natur-ondasuna, elikagaien subiranotasuna eta klima aldaketa ere hizpide izan zituzten.

Hain zuzen ere, ibilaldiak ikur gisa duen hazien irudian oinarrituz «sistema hilgarri honi alternatibak landatzeari» ekin zioten sinbolikoki. «Osasuna denentzat», «mundu more baten alde», «hezkuntza ez sexista», «homo-, bi- eta hetero-», «bakea eta desmilitarizazioa», «kultura denentzat» haziak «erein» zituzten, «biharko mundu berri bat» fruitu izango dutelakoan.

Martxaren abestia entzunda, bertan dabilen kide batek herriz herri izaten ari diren harrera bikaina goraipatu zuen, «elkar ezagutzea, harremantzea eta tokian tokiko emazteen borrokak eta bizipenen» berri izatea ahalbidetzen duen ekimenaren garrantzia nabarmenduta. Ekitaldia bukatze aldera, une hunkigarria izan zen emakume borrokalari guztiak omentzearekin batera, apiril hasieran Estatu Islamikoaren kontra borrokan hil zen Viyam Peyman abeslari kurdua bereziki aipatu zutenean. Bere abestian entzuten diren bonba hotsek zirrara eragin zuten, baina baita indarra transmititu bertaratutakoei ere.

Dokumentala

Baionako Herriko Etxeak eskainitako otorduarekin indarberrituta, Hondarribirako bidea hartu zuen karabanak. Alta, Baionan beste hainbat ekitaldi izan ziren arratsaldean. Horien artean, Kalostrapen estreinakoz proiektatu zuten “Sukaldetik plazara, Ipar euskal Herrian emakumeen askapen mugimendua” 40 minutuko dokumentala, Miren Aranguren eta Edurne Epelderen “Gure genealogia feministak” egindako lanetik eratorria.

Bertan, 68ko maiatzeko oldarralditik sortu zen mugimenduaren bilakaera azaltzen da, parte hartu zutenen lekukotzen bidez eta orduz geroztik «berdintasun faltsuaren ideia» nola hedatu zen jasotzen da. Halaber, 70-80ko hamarkadan «askatasunaren eta diskriminaziorik ezaren sinesmena zabaldu» zela azaltzen da eta garai hartako eta egungo feministen arteko «belaunaldien hutsunea» ere agerian geratzen da.