Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Bizitzaren neguan aletutako oroitzapenak

Atzera begira jarrita dator Paul Auster «Neguko egunerokoa»-n. Bizitzaren azken aroan sartzen hasia zela igarrita, 2011n haurtzarotik ordura arte garunean iltzaturik geratu zitzaizkion bizipenak idazteari ekin zion eta, orain, bizitzaren negu horretan aletutako oroitzapen horiek euskaraz eman ditu Txalaparta argitaletxeak, Oskar Arana itzultzailearen laguntzaz. Orrialdeotan Auster pertsonalenarekin topo egingo dugula ziurtatu du Aranak.

Paul Austerrek 2011ko otsailean sumatu zuen bizitzaren neguan sartzen hasia zela. Barrura begira jarri eta haurtzarotik gordetzen zituen oroitzapenak paper zurira iraultzeari ekin zion orduan baina, bizipenek inguruan duten errealitatearekiko duten lotura tarteko, kanpora begira ere jarri eta bizipen horiek agertoki izan zuten AEBetako aldaketa sozial eta kulturalak ere marraztu zituen. Idatzi horietatik sortu zen orain Txalapartak, Oskar Arana itzultzailearen eskutik, euskarara ekarri duen “Neguko egunerokoa”.

Orrialdeok, funtsean, Austerren bizitzako zenbait oroitzapen biltzen dituzte kronologikoki, eta horietan New Yorkek duen presentzia nabarmendu zuen Aranak: «Bizi izan zen 21 etxebizitzen helbideak ematen ditu, azkena izan ezik, eta horietan gertatutakoaren kronika modukoa egiten du. Baina ez da kronika hutsa, ahalegin liriko edo estilistikoa ere ikusten da». Bizi izan zeneko espazioaz ez ezik, “artista” hitzaren adieraz ere mintzatzen da Auster eta idazketan eman zituen lehen urratsak ere aipatzen ditu, baita bere «familia konstelazioa» ere: «Aiton-amonetatik hasi eta bi emazteetaraino, gurasoekiko izan zuen harremana, amarekin izan zituen gatazkak... halako zertzelada psikoanalitiko batzuk ere badaude».

Tartean, «AEBetako abentura belikoak» zehazten ditu, bere intsumitze saialdiak tartean, baita familiagandik urruntzeko ahaleginean Parisen bizi izan zeneko denbora ere. Aranaren hitzetan, Austerren zaleek haren «lanik pertsonalena» aurkituko dute argitalpen honetan, «baina ez du horregatik bere kontatzeko erak behera egiten». Txalapartako editore Mikel Sotoren hitzetan, «idazketak alderdi terapeutiko bat ere badu. Negura sartze horretan, liburu hau bere bizitzarekin adiskidetzeko modu bat ere bada, aldi ezberdin batean bere bizitza beste modu batean ikustekoa. Eta idazle batek, idatziz soilik egin dezake hori».

Prosa fintzen

Austerren «prosa fintzeko» gogoeta eta ahalegin berezia egin dutela ziurtatu zuen Aranak eta bide horretan itzulpenerako izan duen astia eta zuzentzaileen lana eskertu zituen: «Esaldi luze, bihurri, korapilatsuak ditu, oso testu estatubatuarra da, baina talde ederra aritu da lanean»

Baliabide formalei dagokienez, Auster bere buruari zuka zuzentzen zaiola nabarmendu zuen. «Gogoeta egin dugu zergatik ote den eta uste dugu badagoela psikoanalisiari eusteko ahalegina. Neutralitate edo subjektibotasuna bilatzen du, jakinik objektibitatea ezinezkoa dela». Azkenik, itzulpen lanetan ari zela Austerrek bere pertsonaien biografiak eraikitzeko bere zenbait bizipen erabili zituela konturatu dela azaldu zuen Aranak: «Auster pertsona bezala ezagutu nahi dutenentzat ezinbesteko liburua da».