Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IKER IRRIBARRIA
ASPEKO AURRELARIA

«Pentsatu izan dut dena azkarregi doala, baina beti nahi izaten dugu gehiago»

Sei hilabete baino ez darama profesional gisa eta Aspek Lau eta Erdiko txapelketan jokatzeko hautatu du Iker Irribarria aramarra. Dena ziztu bizian gertatzen ari zaio aurrelari gipuzkoarrari, baina aukerak aprobetxatzeko omen dira. Mikel Olaetxea izango du lehen aurkari bihar, Tolosako Beotibarren.

Ez du txapelketa nahi bezala prestatzeko aukerarik izan, baina enpresak udan konpromiso asko jarri dizkiolako izan da.

Lehen txapelketa handiaren atarian, nola aurkitzen zara?

Niretzat nahikoa ezustekoa izan da eta ilusioz gainezka nago. Ea ilusio horrek on egiten digun.

Debutatu nuenean inondik inora ez nuen hemen egotea pentsatzen. Aukera polita eman didate eta ilusioz gainezka nago. Ahal dela nerbioak kontrolatu behar ditut, badakigu oso zaila dela, baina espero dut buruz buruko finaletik zerbait ikasi izana. Kantxara lasaiago irten nahiko nuke.

Sei hilabete hauetako punturik txarrena izan zen Victorren aurkako final hura?

Ez nuke puntu txarra deituko; bertara iritsita txarra ere ezin da izan. Egia esan, ez zaizu zapore gozorik geratzen, gazi samarra izan zen bertara iristeko hainbeste lan egin eta halako partida irtetea. Ez noa esatera horren txarra izan zenik, baina ez nuen nire maila eman eta pena horrekin geratu nintzen. Espero dezagun larunbatean lasai irten eta gure maila ematea, irabaziz gero, are eta hobeto.

Lehen helburua hori da, balio dudan ikustea eta gustura sentitzea nire buruarekin. Nik uste dut, gustura geratzen banaiz, irabazteko aukera asko izango ditudala, baina horretarako gauzak ondo egin beharko dira.

Zer ikasi duzu sei hilabeteotan?

Ez dakit ba zer esan, kantxan egoten, partida guztietan dena eman beharra argi izaten, pixka bat erlaxatzen zaren unean gainetik pasatzen zaizkizula... Defentsan ere ari gara pixkanaka- pixkanaka, ikaragarri kostatzen zaigu oraindik, baina espero horrela hobetzen jarraitzea.

Debuta, Promozioko buruz burukoa, udako estelarrak, txapelketa nagusia... ematen du zerbait asimilatzeko astirik?

Egia esan, gauzak nahiko azkar doaz, aukera polita eman didate eta espero dut aprobetxatzea, baina, era berean, badakit oso zaila dela. Debutatu eta hain azkar erritmo honetan aritzea... partida gutxi jokatu ditut erritmo honetan eta espero dezagun, larunbatean behintzat, erantzun ahal izatea.

Inoiz pentsatu duzu azkarregi ere izan daitekeela?

Bai, baina beti nahi izaten dugu gehiago, azkarrago joatea, baina pentsatu beharra dago 19 urte ditugula, 6 hilabete daramatzagu profesionaletan eta, gaizki irteten bada ere, ez dela ezer pasatzen, hurrengo urtea ere hor egongo dela. Askotan pentsatu dut horretan, gauzak poliki hartu behar direla, baina aukerak iristen direnean aprobetxatzen saiatu beharra dago.

Mikel Olaetxeari Bilbon irabazi zenion behintzat. Ezertarako balio du horrek?

Moralki plus bat da. Behin irabazi diozu eta horrela jokatu behar duzula ikusten duzu, baina berak partida horretan bertan bigarren parte ikaragarria egin zuen eta badakit oso zaila izango dela, irabazteko nire armak erabili behar ditut.

Ekimena eraman eta frontisetik urrun egon dadila?

Hori da. Badakigu hor aurrean, hirutik aurrera, oso arriskutsua dela, batez ere ezkerrarekin, eta ni saiatuko naiz abiadura ematen eta bera seitik sar dadila; hortik ez dago miraririk.

Gazte asko hasiko zarete batera. Nolabaiteko babesik ematen du?

Babesik ez dakit, motibazioa esango nuke gehiago. Beti pentsatzen duzu Altuna eta Artola hor goian nola dabiltzan eta zuk ere nahi duzu haien mailara iritsi. Badakit denbora gehiago daramatela debutatu zutenetik eta pixkanaka espero dut ni ere goraka joatea.

Ispilu dira zuretzat?

Horixe baietz. Eurei aukerak eman dizkiete, niri ere ematen ari zaizkit eta espero dut egunen batean ere haien mailara heldu edo haien aurka jokatzeko moduan izatea.

Txapelketa honetan izan daiteke, adar berean inguruko pilotari asko zaudete...

Gauza arraroa da. Pilotari dezente gaude Tolosaldean eta Gipuzkoan eta gauza polita da. Askotan ez da gertatzen. Espero dezagun denak gora joatea. Ligaxkaren bat egongo da eta bi badira askoz hobeto.