Maitane ALDANONDO
Donostia

EUSKAL EKINTZAILEEN ERDIAK AURREZ BESTE ENPRESAREN BAT ABIARAZI DU

The South Summit ekimenak ekintzailetza mapa osatu du bere lehiaketara aurkeztu diren enpresa berrien datuak kontuan hartuta. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, ekitea erabakitzen duten emakumeen kopurua Estatu espainoleko altuena da.

Euskal ekintzaileen profila unibertsitate mailako ikasketak dituen 35 eta 44 urte bitarteko gizonarena da. Hori dio The South Summit enpresa berrien inguruko batzarrak osatu duen ekintzailetza mapak. Ekimen horren baitan egiten duten lehiaketara aurkeztu diren Hego Amerikako, Europa hegoaldeko eta Mediterraneoko 1.800 startup-en –teknologian oinarritutako enpresa berritzaileak– datuetan oinarrituta egin dute azterketa. Horietako %3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira. Nafarroakoak kopuru askoz murritzagoa direnez, ez dute haien datuen berri eman. Herrialde edo eskualde bakoitzeko negozio berri guztiak kontuan hartzen ez badituzte ere, emaitzek balio dute egoeraren gutxi gorabeherako irudia marrazteko.

Iazko datuekin alderatuta, gizonezkoek gehiengo izaten jarraitzen dute, %74 baitira. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume ekintzaileen kopurua, %26, Estatu espainoleko altuena da, eta batez bestekoa baino 9 puntu altuagoa. Adinari dagokionez, aldiz, hiru herrialdeotako ekintzaileak batez bestekoa baino zaharragoak dira: ia erdiak, %44, 35 eta 44 urte arteko adina du. Nahiz eta datuak antzekoak izan, prestakuntzan ere beherago daude: 10etik 8k unibertsitate edo graduondoko ikasketak egin ditu –Europan %89k eta Estatu espainolean %90ek–.

Enpresa sortzea erabaki zutenen ibilbideari erreparatuta, %75ek aurretik besteren kontura lan egiten zuten, %10 ikasleak ziren eta lanik gabe zeudenen kopurua ia zero da. Ikerketaren arabera, «datu honek agerian uzten du ekintzailetza hausnartutako erabakia dela, ez langabeziari aurre egiteko aukera». Erabakia hartzeko garaian, negozio aukera edo izaera ekintzailea aipatu dute hiru herrialdeotako partaideen %100ek. Gainera, 10etik 6k diote startup bat sortzea betiko nahia izan dutela; %30ek, aldiz, proiektuan sinesten dutelako egin dute, eta %10ek ibilbide profesionala aldatzeko.

Kontuan hartzekoa da aurrez beste negozio bat martxan jarri zuten ekintzaileen kopurua. Izan ere, startup baten buru direnen erdiak egungoa baino lehenago beste bat abiarazi zuten. Batzuek, gehiago ere bai –%20k batez beste hiru–. Aurreko proiektu horien erdiak porrot egin zuten, eta, aurrera ateratakoen artean, %20 arrakasta zutela saldu zituzten sortzaileek. Aztertutako startup-ek nagusiki Internet eta mugikorren alorrean dihardute, eta erdiak baino gehiagok 1 eta 3 urte arteko ibilbidea du. Langile kopuruak hazten jarraitu du eta martxan diren enpresa berrien 10etik ia 7k 2 eta 10 lagun arteko lantaldea dute. Horrez gain, %24k 150.000 euro inguru fakturatzea aurreikusten dute.

Etorkizunari begira, erronka nagusia berriro ere finantzazioa lortzea da, nahiz eta ezagutzera emateak zein bazkide estrategikoak aurkitzeak ere gero eta garrantzi handiagoa izan. Helburuei dagokienez, ordea, hiru herrialdeetako enpresa berrien kasuan finantzazioak eta partner estrategikoak aurkitzeak garrantzi bera dute, %79. Jarraian, ezagutzera ematea aipatu dute enpresarien %68k.

Enigmedia eta Fuvex, finalean

The South Summit lehiaketak aukeratutako ehun startup berritzaileenak Madrilgo Las Ventas zezen plazan izango dira asteazkenetik ostiralera bitartean. Horien arten Enigmedia gipuzkoarra eta FuVex nafarra. Lehenak, telefono eta bideo deien pribatutasuna zaintzea du xede. Kaosaren teorian oinarritutako algoritmo bat erabiliz edozein aplikazioren informazioa zifratzen du, modu seguru eta eraginkorrean erabiltzeko. Bigarrena, berriz, aire nabigazioaren alorreko enpresa da. Drone eta tripulaziorik gabeko ibilgailuak egiten ditu. Egun, HeliKar edo auto hegalaria garatzen ari da. Proiektuaren lehen fasean daude: nekazaritza lanetan erabilgarri izango den prototipoa.

Madrilen izango diren ekintzaileek euren enpresari lagun diezaioketen eragileekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute. Finalera sailkatutakoek, gainera, beren proiektua epaimahaiari aurkeztuko diote. Inbertsore, enpresa eta ekintzaileek osatutako batzordeak 30 proiektu hautatuko ditu lehenik, eta, ostean, ostiralean, bost irabazleak izendatuko ditu. Garaileek finantzazioa, hitzarmen estrategikoak egiteko aukera edota nazioartekotzeko laguntza jasoko dute, besteak beste.

 

The South Summit, Europako eta Latinoamerikako ekintzaileen zubia

The South Summit Spain Startup, IE Business School eta INCYDE Fundazioak antolatutako ekimena da. 2012an Maria Benjumea antolatzaileak startup-en, enpresen eta inbertsoreen arteko harremanak estutzeko Spain Startup & Investor Summit ekimena abiarazi zuen. Iaz, eragin esparrua zabaldu zuen, Europa hegoaldeko eta Latinoamerikako ekintzaileak ere hartuz, eta The South Summit izatera pasatu zen. Biltzarrean, berrikuntzaren alorreko nazioarteko adituek sektore nagusiak, erronkak eta joerak aztertzen dituzte. Halaber, berrikuntzan interesa duten inbertsoreen eta hazteko baliabideak behar dituzten ekintzaileen arteko elkarlana sustatzen du.