Maider EIZMENDI
BILBO

Haziak ereinda, Emakumeen Mundu Martxa Galiziara bidean jarri da

Euskal Herrian zazpi egun eman, 27 herritan gelditu eta 1.000 kilometro baino gehiago eginda, Emakumeen Mundu Martxak Bilbon egin zuen atzo gurean azken geldialdia. Aldarrikapena eta jaia uztartuta, ereindako haziak zaintzen jarraitzeko mezua zabaldu zuten bultzatzaileek Galiziako emakumeei karabanaren lekukoa eman aurretik.

Euskal Herrian egin duen bide osoan jaso eta zaindutako hazi eta bizipenak batu zituen atzo Bilbon Emakumeen Mundu Martxak. Duela zazpi egun Tafallara irisi zen, eta, Euskal Herrian mila kilometro baino gehiago eginda, atzo agurtu zuten euskal emakumeek Galiziakoei lekukoa eman ostean.

Moyua plazan egin zioten arrera karabana feministari atzokoan, eta, azken egunetan hainbatetan egin bezala, landaketa kolektiboa egin ostean, bertatik abiatu zen manifestazioan.

Bandera moreak airean jarrita, euren aldarrikapenak kantuz uztartu zituzten parte hartzaileek Areatzarako bidea osatu bitartean. Martxaren lema (“Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte!”) zeraman pankartaren atzean batu ziren ehunka eta ehunka pertsona, eguerdian Bilboko Kale Nagusiko espaloietan pasioan zebiltzanen arreta erakarriz. Aldarrikapen asko hartu zituzten ahoan, borroka feministaren garrantzia goratzeko edota etxeko langileen egoera prekarioa salatzeko besteak beste.

Areatza ondoko estalpean egin zen ekitaldi koloretsu eta sentituak azken egunetan jasotako berotasuna eskertzeko balio izan zuen, bai eta bidearen prestaketa lanak goratzeko ere. «Urtebete pasatxo egin dugu lan ildoak guztion artean zehazten, lan dinamikak sortzen, aniztasuna kudeatzen, aldarrikapenak zehazten eta hau guztia antolatzen, baina ikusi dugu gogoa eta borrokarako grina izanda posible dela», nabarmendu zuten.

Aniztasunaren kudeaketaren garrantzia behin baino gehiagotan aipatu dute azken egunotan martxako parte hartzaileek, eta atzoko ekitaldia bera aniztasunari keinu bilakatu zuten. Hala, taula gainean izan ziren jatorriz Kurdistan, Kamerun, Etiopia, Maroko edota Kongokoak diren emakumeak, eta haiei batu zitzaien irrintzia ahoan euskal emakume baserritar bat ere. Bateko eta besteko dantza eta musika izan ziren, ekitaldiaren beste bi osagai garrantzitsuak.

Oraindik orain «edonon gertatzen diren eraso sexistak» aipatu nahi izan zituzten eta txaloz oroitu indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian hil dituen lau emakumeak. «Honen aurrean erantzuteko dugun gaitasuna azpimarratu nahi dugu, ozen esan dugulako ezetz, nazkatuta gaudela eta ez garela ez isilik ez beldurrez biziko», nabarmendu zuten. Bide horretan, erasoak salatzean jasaten dituzten «deslegitimizazio eta kriminalizazio saiakerak» salatu zituzten: «Erradikalak garela diote, eta guk baietz diogu, erradikalak garela; batzuek ulertu nahi ez badute ere, feminismoaren proiektu politikoa guztiz erradikala da, errotik eragin nahi duelako».

Aurrera begira

Batzen dituen eta aurrerantzean ere sustatuko dituzten aldarrikapen guztiak banan-banan taularatu eta zuhaitz batean zintzilikatu zituzten ondoren: sexu eta genero aniztasuna, kultur aniztasuna, dibertsitate funtzionala, ekonomia feminista, autodefentsa feminista, bizitzaren jasangarritasuna, elikadura subiranotasuna, hezkidetza, herrien askatasuna, emakume presoekiko elkartasuna eta Euskal Herriaren aldaketa feminista. Horiek guztiak aldarrikatu zituzten ozen eta lanean jarraitzeko premia nabarmendu: «Gaur ez da ezer bukatzen; hau hasiera besterik ez da. Hazi mordoa erein ditugu eta haiek eman dituzte fruituak eta emango dituzte», ohartarazi zuten.

Ekitaldiaren amaieran Galizia eta Portugalgo emakumeek hartu zuten hitza. Hala, orain sei hilabete Kurdistanen abiatu zen bideari eusteko gogotsu agertu ziren. Haiek eramango dituzte eurekin herriz herri jaso diren haziak eta bizipen idatziak, urriaren 17an Mundu Martxa Lisboan amaitu bitartean.