Maider IANTZI
KILOMETROAK 2015

INKLUSIBITATEA, JASANGARRITASUNA ETA PAREKIDETASUNA, IKASTOLEN SOKA BEREAN

BESTA BILDUA ETA ZABALA IZAN DA AURTENGO KILOMETROAK, ZAHARRA ETA BERRIA. AITATXI-AMATXIEN SOKARI HELDUZ AITZINDARI IZATEA LORTU DU, HIRU BALIO SUSTATZEN BEREZIKI: INKLUSIBITATEA, JASANGARRITASUNA ETA PAREKIDETASUNA. «GATTUNK» ERRAN SOILIK EZ, ERAKUTSI ERE EDERKI EGIN DUTE USURBILDARREK, URTE OSOKO LANA BOROBILDUZ.

Jaia bukatzeko gutxi falta zela antolatzaileek egin zuten balorazioan adierazi zutenez, urte osoko lana borobildu zutela-eta hagitz gustura zeuden. Jendez lepo bete zen Usurbil eta eguraldiak soilik egin zuen huts. Euriak eta haizeak zenbait plan aldatzea eskatu bazien ere, aurre egiten asmatu zuten. «Sekulako erantzuna eman dute boluntarioek, herritarrek eta baita etorri diren milaka euskaltzaleek ere», nabarmendu zuten.

Hasiera ekitaldia xumea eta ederra izan zen. Udarregiko lehendakariak, Xabier Alustizak, azaldu zuenez, ikastola bakoitzak bere izaeraren zati bat eman dio urteotan Kilometroak jaiari, eta usurbildarrek urratsa egin dute inklusibitatea, jasangarritasuna eta parekidetasuna bultzatzen, halakoa irudikatzen dutelako etorkizuneko Euskal Herria.

Auzolana, izugarria

6.000 biztanle inguruko herri txikiko alkatea, Xabier Arregi, harro agertu zen herritarrez. Gehienek edo, erratera ausartu zenez, guztiek parte hartu dute Kilometroak prestatzen. Auzolana izugarria izan da eta eskerrik zintzoena helarazi nahi izan zion jendeari. Ikastolaren mandatuari segituz, aipatutako hiru balioak, zeharlerroak, garatzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Haur, gazte eta helduz betetako Udarregi ikastolako patioan, lehenbiziko euri tanten azpian, lehenbiziko emozio ziztada bularrean. Ikasleek “Gattunk” kantaren koreografia eskaini diote herriari, eta herritarrak eurekin batera dantzatu dira.

Aurkezpenean mintzatzen hurrengoa Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua izan zen. Heziberriren hirugarren faseari, hau da, hezkuntza legea lantzeari ekiteko «beso zabalik» agertu zen eta zeregin hori denen artean egin behar dela azpimarratu zuen. Kilometroak elkarteko lehendakariak, Arantxa Manterolak, pozez hartu zituen hitzok eta eragileekin bilerak hasteko iragarpena.

Azkenik, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, «herri guztietan dauden desadostasunen» gainetik, batzen gaituen horretan egin zuen indarra, euskararen biziraupenean, alegia.

Soka luze bat zabaldu zuten patioaren erdian, herritik datorren soka; herritarrena, hezkuntzarena, kulturarena. Aitona-amona, guraso eta seme-alaba ugarik tiraka gureganaino ekarri dutena. Ez dira hari horri heldu dioten guztiak sartzen ikastolaren atarian, baina ordezkari batzuk bai: ikasleak, irakasleak, agintariak… Denek heldu diote hari berari eta une berezia eta hunkigarria izan da zirkuluan Joan Mari Torrealdai, eguneko omendua sartu denean, txalo artean. Berak elkartu ditu sokaren bi muturrak jaiari hasiera emanez. Ibilbideari ekin diote, haria jende guztiari zabalduz, ahalik eta lagun gehien bildu nahian.

Geroago egin zioten omenaldia «apaltasunez eta esker onez» hartu zuen Usurbilen bizi den idazle, euskaltzain eta kazetariak. Bere hitzaldian batez ere lelo bat erabili zuen, “Ezina ekinez egina”, ikastolak eta “Euskaldunon Egunkaria” horren adibidetzat jarriz. Sinetsita dago soka ez dela etengo eta euskarari behar duen «gradua eta ohorea» emanen diotela zuhaitz adaxka berriek. Familia argazkia atera, denek batera “Txoria txori” kantatu, eta Bergarako Aranzadi ikastolari lekukoa pasatzeko ordua ailegatu zen. «Akordatuko gara zuetaz –adierazi zuen bertako ordezkariak, erdi barrez–. Eta erakutsiko dugu Arantzadi mundiala dela eta mundura zabalduko garela. Espero dugu denok gurekin egotea».

Ibilbidean sartuta, musika, dantza, jolas eta jan-edanaren artean baziren Usurbilen aipatutako balioekin lotutako ekintza bereziak, joko inklusiboak kasu. Jendeak urritasun egoera bizi zezan saskibaloian jokatu zuten gurpildun aulkian eserita.

Erronka arrakastatsua

Ikastetxeen arteko erronka ere berezia izan zen. Arratsaldeko finalean gaztetxo batzuek urritasunik gabe parte hartu zuten, bertzeek gurpildun aulkian, betaurrekoekin ikusmena mugatuta, hanka baten gainean edo bi hankak lotuta. Bertze errealitate bat ikusi eta bizitzea izan zen helburua.

Orioko Herri Ikastolak irabazi zuen finala, Ordiziako Jakintza gelditu zen bigarren, eta hirugarren postua Udarregiren eta Aranzadiren artean banatu zuten.

Baina goazen inklusibitatean pixka bat sakontzera, Jurgi Olasagasti Guztiok Gattunk batzordeko eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kidearen laguntzarekin. Gazte honek kontatu zigunez, saskibaloia, adibidez, lagun dezentek probatu zuen gurpildun aulkian. «Ze zaila den!», erraten zuten. Galdera bat ere sortu zitzaien: «Zein da momentu honetan urritasuna duena?», gaitasun batzuk ez baitira ikusten.

Usurbil herri aldapatsua da eta ezinezkoa zen itzuli guztia egokitzea, baina saiatu behintzat egin ziren, ahal zenean bide alternatiboak bilatuz eta malda zenean seinalatuz eta boluntarioak jarriz nahi zuenari laguntzeko.

«Ez gara konturatzen zenbat oztopo dauden. Asko arkitektonikoak dira, baina inportanteena hesi mentala da», ohartarazi zuen Olasagastik. Ez dituzte gurpildun aulkian ibiltzen diren pertsonak soilik kontuan hartzen, bertze aunitz ere bai: ikusmen, entzumen edo adimen arazoak dituztenak kasu, eta adineko jendea ere bai.

Hondakinen auzian, ausart

Bigarren zeharlerroari dagokionez, Ingurumen eta Garbitasun Batzordeko kideen ordezkari Ainhoa Arrozpidek agertu zigun batzordearen izena bere horretan garatzen saiatu direla. Adibidez, lehen bizikleta martxa antolatu dute (hagitz gustura gelditu ziren emaitzarekin) eta produktu hornitzaileak hurbilekoak izaten ahalegindu dira.

Hondakinen auzian, Usurbil gaikako bilketan eta erraustegiaren kontrako borrokan aitzindari izanik, «ausart» jokatu dute. Ez zuten latarik zerbitzatu eta ardo, txakolin eta sagardo edalontziak itzultzeko eskatu zuten, etxeetan izaten diren bildumak ekidin eta hurrengo bestan berrerabiltzeko. Plastikozko botila gutxiago erabiltzen ere saiatu ziren, iturriko urari lehentasuna emanez. Hamabost iturri seinalatu eta bost guneetan askak jarri zituzten. Horretaz gain, hiru gunetan bertan sortutako organikoa bertan konpostatu zuten. Hondakinak ongi sailkatzeko, aldiz, ontziak guneetan zentralizatu eta zaintzapean jarri zituzten.

Nerea Altxu Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Garazi Lizaso Matrakak Usurbilgo talde feministako eta Kilometroetako Parekidetasun batzordeko ordezkariak hirugarren zeharlerroa nola landu duten azaldu ziguten. Lehenengo eta behin, nabarmendu zuten hagitz positiboa dela gai hau lantzen hastea bera.

Erran zuten intentsitate altuko erasoren bat gertatuz gero baliabide egokienak bermatzera joan direla. «Emakume batzuek Poliziarengana bideratzea baino nahiago dute Foru Aldundiko Gizarte Larrialdietako zerbitzuetako talde espezializatuak artatzea, bertako psikologo eta gizarte langileek». Horrez gain, «ligoteo sanoaren» aldeko kanpaina egin dute, kartelak jarri, iragarkiak, bideoklipean emakumeei eman zaie protagonismoa... Baina gauza gehiago egin nahiko lituzkete.

Iruditzen zaie ez diogula behar adinako garrantzia ematen balio honi eta azpimarratu nahi izan dute «festetan eguneroko zapalkuntza erreproduzitzen» dela. Diotenez, erasoei erantzuteko identifikatu egin behar dira, eta badira mila eraso intentsitate baxuagokoak, ikusezinak ematen dutenak. Adibidez, taberna batean gizonek emakumeen “espazioa inbaditu” eta hauek alde egiten dutenean.

Hiru zeharlerroetan gauzak aldatzeko urratsak egiten hasi dira Usurbilen eta horrek jarraipena izatea da antolatzaileen nahia.