Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Pekin, 1995

Kurdistan-Lisboa 2015. Euskal Herria tartean. Emakumeen Mundu Martxa gurean barrena ibili zen joan den astean; atzo bertan, egundoko jaialdiaz agurtu genuen Bilbon, aldarrikapenezko topagune bizia, hori baita garrantzitsuena. Emakumeok gero eta ahaldunduago gaude, eta harro erakusten dugu gu geu garela gure borrokaren protagonista nagusiak, geure erara, estilo eta ekimen anitzetan. Hurrena Lisboan bizi izateko aukera izango dut nik neuk, martxaren amaieran, ahizpatasunaren sentimendu eztia, indartsua, baita adiskidetasunaren elkartasuna ere.

Duela hogei urte Pekinen izandako emakumeek kontatu didate NBEk orduan antolaturiko Emakumeei buruzko Konferentziaren harira bizi izan zutena ahaztezina izan zela. Boteretsua izan zela hainbeste eta hain urruneko herrialdeetako beste emakume batzuen esperientziak ezagutzea, nork berearen berri belarri gogotsu eta arretatsuei ematea, eta munduko agintariak behingoz «zeruaren erdiari» bat eginda erreparatzen hasiak zirela ikustea. Txinatar batek izendatu gintuen «zeruaren erdi»; Txinako hiriburuan egin zen goi bilera mugarri hura; egungo Txinako presidentea da, NBErekin batera, egunotan New Yorken egiten ari diren genero berdintasunaren gaineko munduko agintarien bilerako presidentea. Pentsa liteke herrialde asiarrak aurrea daramala, nolabait, emakumeon eskubideen defentsan eta sustapenean. Tamalez, 1995etik herrialdean gauzek hobera egin duten arren, urrun daude oraindik hango emakumeak gizonezkoen aukera eta baldintza berdintsuetan bizitzetik. Egindako aurrerapenei erreparatuz gero, segituan topa daiteke txanponaren ifrentzua, jazarpena eta zigorra –auskalo zer gehiago–, agintarien aburuz feminismo aktibo gehiegi jariatuz gero.

Alde handiak daude handik hona, hemendik hara, baina toki guztietako bereizgarria izaten jarraitzen du genero diskriminazioak, desberdintasun egoerak. Toki guztietan jarraitzen dute izaten zentzu osoa emakumeon eskubideen aldeko ekimenek, guztion ahotsak bildu nahi dituen Emakumeen Munduko Martxak. Oraindik adierazgarri baino adierazgarriagoa den bezala feminismo hitzak eragiten duen ikara, etiketen munduan etiketa mespretxagarri gisa iraunarazi nahi duten hori. Batzuok, baina, harrotasunez diogu «feminista naiz»; beste batzuk kontziente izan edo izan gabe ere badira; eta feminista ez dena, emakumezkoa zein gizonezkoa, ez da berez ez justiziazalea, ezta giza eskubideen babeslea ere, besterik gabe.