Mertxe AIZPURUA
donostia
Elkarrizketa
MARTA LUXAN
DEMOGRAFOA

«Populazioaren zahartzea arazo moduan planteatzen da beti»

Euskal Herrian demografian aritzen den titulatu bakanetakoa dugu Marta Luxan. EHUko Soziologia eta Filosofia departamentuetako irakaslea da, eta, etxebizitzaren prezioak gazteen emantzipazioaren adinaren atzerapenean eragina duela onartzen badu ere, arrazoi gehiago daudela uste du. Ugalkortasun tasaz eta populazioaren zahartzeaz aritu gara.

Etxebizitzari buruz dugun irudiari erreparatu nahi izan dio hasieratik Marta Luxan adituak. «Bai, garestiegia da; bizitza osorako izango den zerbait bezala hartzen da oraindik, eta, oro har, jabego pribatuarekin identifikatzen dugu».

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak lotura du gazteen emantzipazioarekin?

Badu zerikusia, baina ez da hori bakarrik. Alde batetik, guraso eta seme-alaben arteko harremanak aldatu egin dira; gatazkak egon badaude, baina, iraganarekin alderatuta, beste modu batean bideratzen dira. Eta guraso gehienek ez dute nahi gazteek edozein modutan aldegitea etxetik; behin-behineko enpleguarekin etxetik joatea edo lagunekin etxe huts bat okupatzea planteatuz gero, adibidez, ez dakit zenbat guraso egongo liratekeen pozik aukera horrekin. Gakoa ez da soilik etxebizitza eskuratu ahal izateko gazteek dituzten espektatibak edo arazoak, baita gurasoen eta jendartearen aldetik gazte horiekiko dauden espektatibak ere.

Zer-nolako eragina du etxebizitza lortzeko zailtasunak ugalkortasun tasan?

Egun, oro har, haurrak bikotearen barruan jaiotzen dira, eta hori lotzen da norbanakoen edo bikoteen etxebizitza beharrarekin. Beraz, bide horretan bistan da zailtasunak badaudela eta eragina dutela ugalkortasunean. Etxebizitza batez disfrutatzea errazagoa izango balitz, pentsa genezake horrek ugalkortasunean eragin zuzena izango lukeela, baina nik ez nuke hori erabat baieztatuko. Beste elementu batzuk ere sartzen dira: noiz erabakitzen dugun guraso izateko baldintzak betetzen ditugula, adibidez. Baldintza batzuek lotura dute etxebizitzarekin, eta, beste batzuek, aldiz, ez. Edozein kasutan, dagoen etxe hutsen kopuru handiari erabilgarritasuna eman beharko litzaioke. Politika publikoen ardura da hori.

Euskal populazioaren zahartzea dakar horrek?

Populazioaren zahartzeaz aritzean biziraupenaren demokratizazioaz hitz egin beharko genuke. Egia da prozesu horri begiratuz gero, ugalkortasun indize sintetikoa deritzonari so egin behar diogula; hau da, haurrak izateko adinean dauden pertsonen indizeari. Ugalkortasun tasaren handitzeak zahartze horren mantsotzea suposatuko luke, baina zahartzen ari diren pertsonen proportzioa da aztertu beharrekoa. Eta, nire ustez, ditugun datuen arabera, ugalkortasunaren bidez nekez ekidingo da hori. Datozen urteotan zahar izatera helduko direnen kopurua igo egingo da, baby boom belaunaldikoak sartuko direlako adin tarte horretan.

Europako jendarte zaharrena izateko arriskuan gaudela esaten da.

Bai, baina Europa mailako alderaketak egiten ditugunean, estatuekin alderatzen ari gara, eta, Gaindegiak ematen dituenak salbu, datu partzialak dira. Dena dela, Italiako iparraldean eta Europa ekialdean gauzak asko aldatzen ari dira. Ugalkortasunaren indize sintetikoa asko jaitsi da toki horietan. Bestalde, demografiari buruz ari garenean, populazioaren zahartzea arazo moduan planteatzen da beti.

Eta ez da al horrela?

Nire ikuspuntutik hori ez da arazo; hori daukagun errealitatea da. Eta horri nola egiten zaion aurre da pentsatu behar dena. Ondorio negatiboak baditu, bai. Baina adinaren birdefinizioa behar dela pentsatzen dut. Ez da gauza bera gaur 70 urte edukitzea edo orain dela 30 urte adin bera izatea. Horregatik, emantzipazioari buruz hitz egiten dugunean, ezin ditugu alderatu egungo eta duela 50 urteko egoerak. Amatasunaren adinarekin ere berbera gertatzen da. Betaurreko bereziekin begiratzen diogu iraganari: homogeneoa izan dela pentsatu ohi dugu eta ez da horrela.

Jendartearen berrikuntzaren frenoa suposatuko duela esaten da.

Julio Perez Diaz demografoak azpimarratu izan du jende nagusiaren artean, batez ere gizonengan, ematen ari den genero rolen birdefinizioa. Adibide argia da egungo aitonek ilobekiko duten harremanean euren seme-alabekin inoiz egin ez zituzten gauzak egiten ari direla. Beraz, aldaketaren aztarna batzuk ikusi ahal ditugu. Eta horiek ere ondorioak dira. Gainera, egun 70 urte izatera heltzen direnek beste ezaugarri batzuk dituzte. Batzuk tradizionalagoak eta kontserbadoreagoak izango dira, eta, beste batzuk, aldiz, ez.

Erronka, edozein kasutan.

Noski. Begirada zabaldu behar dugu eta heldu egin beharko zaie ondorioei. Nagusiak garenean zaintza bereziak behar ditugu, gaixotasunak areagotu egiten dira. Hemendik urte batzuetara eztabaidak irekiko dira: bizitza noiz arte eta zer baldintzatan luzatuko den, merezi ote duen alzheimerrak jota hamar urtez bizirauteak… Erronka batzuen aurrean gaude, eta horietako batzuk ez dira batere errazak.