A.K.
Göteborg

Henning Mankell nobela beltzaren maisu eta ezkertiar ekintzailea hil da

Kurt Wallander detektibearen pertsonaiaren bueltan sortu zuen Henning Mankellek Suediako nobela beltzaren saga ezagunenetako bat, mundu osoan 40 hizkuntza ingurura itzulia izan dena. Haur literaturan eta antzerkigintzan hainbat obra argitaratutakoa ere bazen Mankell. Egin zuen azken lana minbiziaren aurkako borrokari eskaini zion.

Kurt Wallander pertsonaiak munduari bira nahi adina alditan eman dio azken bi hamarkadotan, 1991n “Aurpegirik gabeko hiltzaileak” (Erein argitaletxeak euskarara ekarritakoa) argitaratu zenetik. Henning Mankellek nazioarteko sona lortu zuen 11 eleberriz osatutako Kurl Wallander inspektoreari eskainitako sailari esker, nobela beltzaren maisu bihurtzerainoko oihartzuna eskuratuz. Izan ere, genero beltzari ikuspuntu desberdin batekin begiratzeko gaitasuna erakutsi zuen idazle suediarrak. Wallander, hilketa ugari ikertzen dituen detektibea izanik ere, sentiberatasunez betetako pertsonaia gisa egituratu zuen, erretiroa hartzeko desiratzen dagoena, ez baitu gizarte postmodernoa ulertzen.

Saga guztian zehar galdera bat presente izango du Mankellek: «zer egin genuen gaizki Suediako gizartearekin?». Bereak ez dira, hortaz, hiltzaile eta polizien arteko harreman hutsalak izango. Eleberriotan, eta bere obran orokorrean, gizartearekiko ikuspegi kritikoa azalean egongo da oso. Indarkeria matxista edo hiesaren afera izan dira lerro artean jarritako gaietako batzuk.

Wallanderren bueltan sortutako eleberri sorta horretaz gain, Mankellek beste hainbat nobela argitaratu ditu eta gazte eta haur literaturara ere hurreratu izan da. Alor horretan Sofia haur afrikarra protagonista duen lan sorta izan daiteke aipagarriena, Afrikan emakumeek dituzten zailtasunez hitz egiteko baliatu zuena idazleak. Antzerkigintzan sortzaile ezaguna zen Suedian, obra ugari idatzi baitzituen bere ibilbidean zehar, berrogei baino gehiago. Antzerkiaren alorrean egin zituen hain zuzen lehenengo pausoak; 20 urterekin hasi zen lanean Stockholmeko Rickstear antzokian eta hurrengo urteetan beste hainbat aretotan ere aritu zen.

Idazle gisa konpromiso humanitario argia agertu eta bidegabekeriak salatu zituen Mankellek. Bere lanetan ikuspegi kritikoz begiratu zuen Suediako gizartea, eta kolonizazioaz eta emakumearen egoeraz ere hausnartu zuen askotan. Ezkertiar ekintzaile ezaguna zen, Vietnamgo gerraren aurkakoa, baita Hegoafrikako apartheid–aren kontrakoa eta Portugalek Mozambiken burura emandako gerra kolonialarekiko kritikoa ere. Hain zuzen, Afrikarekiko lotura berezia mantentzen zuen idazle suediarrak. 70eko hamarkadan egin zuen lehenengo bidaia kontinente beltzera eta ordutik Suedia eta Afrika artean bizi izan zen urte luzez. Maputo Mozambikeko hiriburuko Teatro Avenidako zuzendaria ere izan zen.

Eva Bergmanekin –Ingmar Bergman zinema zuzendariaren alaba– ezkondutakoa, 40 milioi liburu baino gehiago saldu ditu munduan zehar Henning Mankellek eta bere lanak hizkuntza mordo batera itzuliak izan dira, 40 bat ingurura. 2001ean Leopard argitaletxea zabaldu zuen Dan Israel editorearekin batera eta ordutik bertan eman ditu argitara bere lan guztiak.

Minbiziak jota

2014ko urtarrilean minbizi larria diagnostikatu zioten Mankelli. Hamar egun igaro zituen sendabiderik gabeko eritasuna zeukala irentsi nahian. «Infernuetara jaitsi» zela aitortu zuen idazleak gerora, baita hamar gau eta egun horietan bere erresistentziarako gaitasuna «deuseztatzea mehatxatzen zuen beldurraren aurrean geldirik ez geratzen» saiatu zela ere.

Liburuetan bilatu zuen egoera horri aterabide psikologiko bat emateko aukera. Bere gaixotasunari buruz idatzi nahi izan zuen, lehenengo hedabideetan argitaratutako artikuluetan, eta, gerora, Tusquets argitaletxeak gazteleraz atera berri duen “Arenas movedizas” lanean. Oroitzapenak eta heriotzari, beldurrari, esperantzari, sineskeriei eta, batez ere, bizitzari buruzko gogoetak tartekatzen ditu bere azken obran. Izan ere, eritasunaren berri jakin zuenean argi utzi zuen Mankellek bere esperientziari buruzko idazkuntza bizitzaren ikuspegitik ondu nahi zuela, ez heriotzarenetik.

Haurra zela harea mugikorretan harrapatuta geratzen zen amesgaiztoa izaten zuela etorri zitzaion gogora. Hasierako egun haien ondoren, harea mugikorrei buruzko liburuak irakurtzen hasi zen eta jabetu zen nola gizakia irentsi eta hiltzeko gai zen hondar masa horren inguruan sortutako kontakizuna mito hutsa baino ez den: «Kontatzen diren istorio horiek guztiak asmakizunak baino ez dira».

Minbiziaren diagnostikoa ezagutzearen «kolpe hilkorraren» aurkako tresna nagusi bihurtu zituen orduan liburuak. «Liburu bateko testuetan galtzea une zailenetan bide aringarria izan da», onartu zuen. Liburuez gain, artelanen argazkiak eta musika izan ziren pentsamendua gaixotasunetik aldentzeko erabili zituen aterabide nagusiak, nahiz eta maiz izaten zituen «emozionalki kaotikoak» ziren uneak, batez ere haurtzaroaz akordatzean. Autoreak berak zioenez, memoriak lagunduko zion gerora «katastrofe» hura ulertzen eta egoerari aurre egiteko abiapuntua bilatzen. Hain zuzen, haurtzaro, gaztaro eta bizitzako oroitzapenok, haietako asko Afrikako egonaldietatik erreskatatutakoak, eraman zuten Mankell bere azken lanean desberdintasunaz, ingurugiroaz edo pobreziaz gogoeta egitera.