Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Heldutasuna erakutsi du Alos Quartet-ek «Garden» lanean

Jada hamasei urteko ibilbidea egin du Alos Quartetek eta «Garden» bakarkako hirugarren lanarekin, euren izaera eta estetika findu dituzte. Urteotan alboan izan dituzten zenbait lagunek parte hartu dute lanean, Eñaut Elorrieta, Harkaitz Cano eta Silvia Iriondo tartean.

Euren izaera laburbiltzen duen izena eman dio Alos Quartetek bakarkako hirugarren lanari: “Garden”, laukote tolosarraren sonoritate gardenari ez ezik ingelesezko lorategiari ere erreferentzia egiten diona, Xabier Zeberioren (nyckelharpa, biolina) hitzetan, «disko honetako hamahiru abestietako bakoitza lore bat baita». Hala bizi du Alos Quartetek diskoa, ondo egindako lanaren emaitzaz harro, eta hala agertu zuten diskoaren aurkezpenean ere: «Agian gaizki dago guk esatea, baina gutxitan gertatzen da esku artean duzunaz horren harro egotea».

Diskoaren oinarria Aukeran dantza taldearen eskariz “Geltokia” ikuskizunerako egindako abestiak dira. Hartarako konposatutako lauzpabost abesti hartuta hasi ziren “Garden” izango zenari forma ematen, baina lan berriaren ildo estetikoak badu aurreko diskoarekin, “Hamar tanta”-rekin, antzekotasunik; hemen ere doinu sutilak dira nagusi eta, tartean, bada erritmo biziagoetarako tarterik ere. Zeberioren hitzetan, «ezagutzen gaituenak ezagutuko du gure sonoritatea, baina arin-arinetik tangora edo fandangotik balsera doazen erritmoak ere badaude». Erritmo horiek «beste era batera ulertuta» aurkezten ditu Alos Quartetek diskoan eta dantzaren mugimendua ere iradokitzen dute: «Dantzaren estilo hori sakonean aztertu dugu».

Aldi berean, diskoari «kolore berezia» emateko nahiak urteetan zehar bidaide izan dituzten hainbat pertsonari kolaborazioak eskatzera eraman du laukotea. Hala, diskoan parte hartu dute honakoek ere: Silvia Iriondo, Eñaut Elorrieta (Ken7), Oreka Tx-eko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte, Bill Cooley, Iñigo Egia, Ivan Alzate eta Iosu Salbide musikariek.

Kolaborazio horien haritik berrikuntzarik ere badakar disko berriak: kantuetako bitan, musikaz gain ahotsak ere sartu dituzte. Hala, “Bidaiari ekina” abestia Harkaitz Canok idatzia eta Eñaut Elorrietak kantatua da, eta “Volver” kantuan Silvia Iriondo argentinarraren ahotsa entzun daiteke. «Kantua Oreka Tx-entzat sortu genuen eta ez zuen letrarik. Silvia abestiaz maitemindu eta letra ipini zion eta, diskoa atera behar genuenean, ezin genuen hura sartu gabe utzi», azaldu zuen Zeberiok.

Laukotea 1999an sortu zen, Niko Etxartek deituta kolaborazio bat egitera Zuberoara joan zirenean. Behin-behineko batura zirudien hark ustekabean aurrera egin eta dagoeneko hamasei urte daramate elkarrekin. Bidean geratu dira dozenaka kolaborazio, proiektu eta kontzertu, eta azken urteetan Dulce Pontesekin biran aritzeaz gain, grabazioak egin dituzte Los Piratas, Oskorri eta Kepa Junkerarekin, besteak beste.

Hamasei urteren ostean heldutasuna erakutsi du lan berrian Alos Quartetek, iturri ezberdinetatik edan arren norabidea finkatzen jakin baitu. «Nickelharpa instrumentu suediarra da eta honek iparraldeko doinuen estetika dakarkigu, baina Lorena (Nuñez, biola) eta Francisco (Herrero, biolina) klasikoan eta antzinako munduan barneratu dira, eta Xabi eta biok gehiago hemengo musikan. Nahasketa hori nahiko berezia suertatzen da, eta halako formazioak ondo funtzionatzeko engranaje asko behar dira... eta, kasu honetan, ondo funtzionatzen dugu», ziurtatu zuen Pello Ramirezek (txeloa).

Laukoteak jada baditu “Garden” jendaurrean aurkezteko pare bat kontzertu. Hilaren 18an Gasteizko Artiumen izango dira, eta azaroaren 6an, Tolosako Topicen, hainbat gonbidaturekin batera.