Jon LEUNDA
Aizkora

Atutxak eutsi egin dio Euskal Herriko txapelari

Bizkaitarrak behetik gora egin zuen eta lan erdietarako ia dena erabakita utzizuen. Jon Irazuk eskuratu zuen bigarren postua, eta Olasagastik, hirugarrena.

Ez zen ezusterik izan, ez behintzat lehen postuan, eta Aitzol Atutxak irabazi zuen atzo Basaurin Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. Hortik atzera, ezusteren bat egongo zen, baina txapela faboritoak jantzi zuen. Irazu eta Olasagasti izan zituen lagun podiumean.

Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki zituen. Hasi, bi kana-erdiko ebakiz hasi ziren, jarraian, bi 60 ontzako mozteko, eta ondoren lau oinbikoak. Gero beste bi 60 ontzakoak eta bi kana-erdikoak ebakiz amaitu zuten. Jendearen erantzuna ere oso ona izan zen, Basauriko kiroldegiko pilotalekuko harmailak eta behean jarrita zeuden eserleku guztiak bete egin baitziren.

Bizkaitarrak txapela aise lortu zuen, eta amaieran bigarren sailkatu zenari atera zion aldea ikusi besterik ez dago, ia lau minutu kendu baitzizkion Jon Irazuri. Aitzolek bere erritmoan ekin zion lanari, itsutu gabe, eta honelakoetan ohikoa den moduan, Olasagasti izan zen sekulako abiadan ekin ziona, eta berak bota zuen lehenengo aurreneko kana-erdikoa.

Gero, ordea, Atutxa bere lekua topatzen joan zen, eta lan erdietarako txapela ia segurtatuta zeukan. Aldea kendu zien gainerakoei, eta lehen postu hori segurtatzera joan zen, gehiegi behartu gabe, eta amaieran, denek uste zuten bezala, txapelari eutsi egin zion. Bigarrena jarraian izan zen atzokoa.

Emozioa hortik atzerako postuetarako izan zen. Irazuk hirugarren finala jokatu zuen, eta atzo lortu zuen sailkapenik onena, bigarren bukatu baitzuen. Lan ona egin zuen, eta Olasagastik hasieran dezente estutu bazuen ere, amaierarako bigarren postua nahikoa segurtatuta iritsi zen. Olasagastik egindakoa ere goraipatu beharra dago. Finaleko zaharrena zen, baina oraindik ongi dago, eta aurten berriro ere aurreneko hiruren artean sartu da.

Atzoko ezusterik handienetakoa Iñaki Azurmendik eman zuen. Orain dela bi urteko txapelduna zen, ustez Atutxa gehien estutu behar zuen aizkolaria, baina Arriarangoak ez zuen izan atzokoan bere egunik onena. Hirugarren postua nahiko gertu izan zuen, baina Olasagastik bukaeran ihes egin zion, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Emoziorik handiena azkeneko posturako izan zen, bi segundok bakarrik erabaki baitzuten. Azkenean Larrañagak lortu zuen bosgarren postua, eta ez dago gaizki, bera ez baitzen sailkatu saio honetarako. Nazabalen lesioak zabaldu zizkion ateak eta azkena ez geratzea zen bere helburua, eta hori lortu egin zuen, eta Urrezko Koparako txartela ere eskuratu zuen. Otaegik itxi zuen sailkapena.

«Denbora asko pasatu dugula eta horrelakoak entzun ditut, baina enborrak ez ziren marka egitekoak. Gehiago estutu izan banindute, agian beste minutu pare bat hobetuko nituen, baina gehiago ez. Enborrak ikusi eta lanak 40 eta 50 minuturen bueltan bukatuko genituela pentsatu dut, eta amaieran horrelaxe izan da. Egindakoarekin oso gustura geratu naiz«, esan zuen Aitzol Atutxak.