GARA
IRUÑEA

ETA, hizpide nagusia oraindik, Guardia Zibilaren Euskal Herriko ekitaldietan

Hurrengo astean dagoeneko lau urte beteko dira ETAk bere jarduera armatuaren bukaera jakinarazi zuenetik, baina aurten ere erakunde hau hartu dute hizpide nagusitzat Guardia Zibilak Euskal Herrian duen kuarteletan eginiko ekitaldietan.

Gasteizko Sansomendin, esaterako, Carlos Urquijo Estatu ordezkariak Baigorriko sarekada «distiratsua» txalotu zuen eta ETA amaitzea premiazkoa dela erantsi zuen. Horri begira, tresna bakarra «zuzenbide estatua aplikatzea da –argudiatu zuen Urquijok–. Beste edozer gauzak, planak direla, mahaiak direla, konferentziak direla, soilik terrorista talde bati izaera politikoa emateko balio izan ohi du eta amaiera atzeratu du».

Iruñeko ospakizunean, Javier Hernandez Marco Guardia Zibilak Nafarroan duen koronel buruak ildo beretik jo zuen: «Guardia Zibilak ETAren aurkako borrokan jarraituko du, esanak esan eta etsi gabe». Carmen Alba Estatuko ordezkariak, bere aldetik, esker ona adierazi zion Estatu frantsesari, polizia mailako elkarlana dela-eta.

Bestalde, Urquijo saminduta ageri zen, «sasiaurrerazaleek» ez dutelako Espainiaren ideia defendatzen: «Gure herriarekin gustura eta pozik gaude», erantzun zien.