GARA
ANDOAIN

Felix Zubiak eta Jokin Urangak eskuratu dituzte final-laurdenetarako azken txartelak

Hilaren 24an ekingo die Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak final-laurdenetako saioei. Arrasaten eta Andoainen gailenduta, Felix Zubiak eta Jokin Urangak lortu dituzte zuzeneko azken bi txartelak.

Asteburuko saioetan Jokin Uranga eta Felix Zubia gailenduta, zehaztuta geratu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetara pasatu diren 23 bertsolarien zerrenda. Igandean Andoaineko saioa poltsikora eraman zuen Uranga da sailkapen orokorreko lehen postuan sartu den bertsolaria, eta atzetik gertu ditu Jon Maia, Ane Labaka, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nerea Elustondo eta larunbateko saioan gailendu zen Felix Zubia. Asteburu bateko atsedena hartuta, urriaren 24an hasiko dira final-laurdenetako saioak, Urretxu-Zumarragan. Final-laurdenetako txanpan batuko dira 2011ko txapelketan lortu zuten postuari esker aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak ere: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Asteburuko saioei dagokienez, larunbatean, esan bezala, Felix Zubia nagusitu zen Arrasaten jokatu zen final-zortzirenetako saioan. Amaia antzokian bildutako 310 bertsozaleen aurrean 431 puntu eskuratu zituen bertsolari zarauztarrak, eta atzetik geratu ziren Eneritz Artetxe (421,5 puntu), Iñaki Gurrutxaga (417,5), Haritz Casabal (412), Egoitz Eizagirre (382,5) eta Aratz Igartzabal (373).

Lortutako lehen postuari esker, Zubia zuzenean sailkatu da azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final-laurdenetako saiorako.

Uranga, lehen postura

Jokin Uranga izan da asteburuko protagonista, Andoainen jokatutako final-zortzirenetako azken saioan lehen postua eskuratzeaz batera final-laurdenetako zerrendan puntu gehien dituen bertsolaria izatera ere igaro baita Azpeitiko bertsolaria.

Andoainen 457,5 puntu lortu zituen Urangak, Asier Azpirozek egin zuen bigarren (430,5 punturekin) eta Unai Gaztelumendik hirugarren (423,5 punturekin). Atzetik izan zituzten Gemma Urteaga (410), Ibai Esoain (405) eta Antton Fernandez (367,5). Bastero kultur etxean, 450 bertsozale bildu ziren.

Final-laurdenetako lehen saioa, esan bezala, hilaren 24an jokatuko da Urretxu-Zumarragan eta bertan parte hatuko duen seikotea Agin Laburuk, Asier Azpirozek, Beñat Iguaranek, Eli Pagolak, Jexux Mari Irazuk eta Nerea Elustondok osatuko dute. Saioa 17.30ean hasiko da Ederrena pilotalekuan eta sarrerak, ohi bezala, aldez aurretik eskuratzeko modua dago www.bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan saioa egingo den lekuan.

Final-laurdenetako saioetarako sarrerak 11 euroren truke eskura daitezke. Bazkideek 8 euroan lor ditzakete sarrerak eta, 6 eta 16 urte bitarteko gazteek, 4 euroren truke.

Informazio gehiago, Bertsozale elkartearen web orrialdean: www.bertsozale.eus.