Nagore BELASTEGI

Zuhaitzak biluzten direnean, liztor beltzen kontra aritzeko garaia da

Liztor beltzak, «asiatikoak» izenez ezagutzen ditugun zomorro handi horiek, urte osoan zehar ditugu gurean, baina udazkenean areagotu egiten da euren jarduera. Gainera, zuhaitzetako hostoak erortzen direnean, adarretan eraikitako habiak agerian gelditzen dira.

Udazkeneko haizeteek zuhaitzak biluzten dituzte eta orduantxe agertzen dira gurean 2011tik aurrera ikusi ahal izan diren Vespa velutina espezieko liztorrak. Liztor beltzak, alegia, liztor «asiatikoak». Duela bost urte Estatu frantsesetik Euskal Herrira eta Kataluniara zabaldu ziren. 2012an Portugaleko iparraldean ere ugaritu ziren. Galizian kezka handia sortu zen emakume bat mota honetako liztorren ziztaden ondorioz hil zenean. Baina, egia esan, liztor hau ez da kurumino edo liztortzar europarra (Vespa crabro) baino arriskutsuagoa gizakiarentzat. Azken batean, alergia izanez gero edota ziztada asko jasoz gero, espezie guztiak dira arriskutsuak.

Hala ere, bi liztor espezie hauen artean badago desberdintasunik. Hasteko, espezie europarrak ez du ezti-erleentzat berebiziko arriskurik suposatzen. Erleak askoz txikiagoak izan arren (zentimetro bat, gutxi gorabehera), liztor horiek bertako espezieekin bizitzeko babesa badute. Liztor beltzak, ordea, jokabide agresiboagoa dauka: liztorrak erlauntzaren inguruan ibiltzen dira, eta erleak, beldurtuta, ez dira ateratzen eta hil egiten dira. Bestalde, kanpoan daudenei eraso egiten diete, erdibitu egiten dituzte eta sabelaldea murtxikatzen dute euren larbak proteina zuku horrekin elikatzeko.

Inbasiboak diren espezie guztiak bezala, bertako biodibertsitatearentzat kaltegarriak dira eta, horregatik, erlezainak eta ekologistak liztor beltzaren kontrako neurriak hartzen hasi ziren 2011tik aurrera. Horiek eraginkorrak izateko garrantzitsua da liztorren zikloa ezagutzea. Maiatza aldean, tenperatura igotzen denean, ezkutuan lo dauden erreginek behin-behineko habia txikiak egiten dituzte lehenengo arrautzak bertan jartzeko. Horietatik liztor langileak jaiotzen dira, udan zehar habia handiak egiten jardungo direnak. Erreginaren lana, ordea, arrautza gehiago jartzea izaten da. Udazken hasieran arrautza horietatik ar eta emeak ateratzen dira eta ugalketa hasten dute. Udazken amaieran arrak hil egiten dira eta ernalduta dauden emeak negua igarotzeko ezkutatu egiten dira. Horiek izango dira hurrengo urtean kolonia berri bat hasiko dutenak.

Hori dela eta, helburua bikoitza izan ohi da: habiak suntsitzea eta erreginak harrapatzea. Habiak suntsitzeko garairik onena udazkena da, zuhaitzetan daudenak hobeto ikusten direlako eta oraindik liztorrez beteta daudelako (eme asko batera hil daitezke). Bestalde, erreginak harrapatzeko udaberria da garairik onena, nahiz eta negua hasi aurretik ere jar daitezkeen horientzako tranpak. Plastikozko botila batekin egin daitezke horiek, barruan garagardoa eta ardo zuria nahasiz zomorroak erakartzeko. Barruan sartu eta ito egiten dira. Erreginak harrapatzea garrantzitsua da, bakoitza 17.000 arrautza inguru jartzeko gai da eta.

Erleak arrisku gehiago ditu

Liztor beltzak 3,5 zentimetro inguru neurtzen du eta sabela ia guztiz beltza dauka, laugarren atala izan ezik; hori horia dute. Habia murtxikatutako egurrez egiten dute ahalik eta lekurik garaienean (gehienetan zuhaitzetan) eta sarrera alde batean egiten dute. Liztor europarra, ordea, pixka bat handiagoa da (4 zentimetro inguru) eta sabela ia guztiz horia dauka. Habiak txikiagoak dira eta normalean ez dituzte zuhaitzetan egiten. Sarrera behealdean egiten dute. Horiez gain, Megascolia maculata espeziea ere aurki dezakegu gurean, europarraren tamaina berekoa. Burua horia dauka eta sabela beltza badu ere, orban horiak ditu. Hauek ez dute habiarik egiten. Amaitzeko, arruntena liztor arrunta da (Vespula vulgaris); txikiagoa da eta sabelean horia eta beltza tartekatzen dira. Habiak leku ez oso garaietan egiten dituzte.

Nahiz eta liztor beltza ezti-erleen etsai beldurgarri bezala aurkeztu diguten, ez da hori bere etsai bakarra. Azken hamarkadan erle kopurua nabarmen txikitu da eta horrek hainbat landare espezieren polinizazioan eragin dezake. Europa kanpotik datorren kakalardo mota batek (Aethina tumida) eta akaro mota batek (Tropilaelaps) gaixotasunak eragiten dizkiete. Hori dela eta, kontrol handiak igaro behar dira Europatik kanpoko erleak ekartzerakoan. Bestalde, hainbat intsektizidaren erabilera debekatu dute eta erleei eragiten ez dietenak bakarrik daude baimenduta. Bide berean, transgenikoen landaketa ere aztertu dute, baina ez dute harremanik topatu erleen galerarekin. Amaitzeko, klima aldaketak eta tenperaturen igoerak eraginda biodibertsitatea murrizten ari den heinean, erle gutxiago daudela ikusi dute ikertzaileek. Inbasoreak diren landareen presentziak ere bertakoak diren landareen galera eragiten dute eta, era berean, erleen ekosistema kaltetu.