Mila Dominguez Vazquez
Pobreziaren Aurkako Astea Euskadin antolatzen duten kolektiboen izenean
KOLABORAZIOA

TTIP: saria ala ziria

Urriaren 17an Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna oroitzen da. 2005tik hona hainbat kolektibo sozial egun hori salaketa eta aldarrikapenerako jardunaldia izan dadin ahotsa altxatzen ari gara. Helburua munduko, Europako eta Euskadiko pobrezia eta desberdintasunen inguruan euskal gizartea informatzea eta sentsibilizatzea da.

Pobreziaren inguruan lortutako datuak ikaragarriak dira. Estatuan 13 milioi lagun bizi dira pobrezia edo bazterkeria arriskuan; haurren pobrezian Europar Batasuneko bigarren herrialdea izanik. Bien bitartean, 2012tik 2013ra aberatsen kopurua %13 hazi da. Desberdintasunaren hazkunde deskontrolatu horrek kalte egiten dio pobreziaren aurkako borrokari eta gero eta pertsona gehiago emigratu beharrean aurkitzen dira. Egun, bederatzi lagunetik batek ez du behar adina elikagairik eta 1.000 milioi baino gehiago egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi dira. Biztanleriaren %1 aberatsenak metatutako aberastasuna hazi egin da %44tik (2009an) %48ra (2014an). Euskadin, populazioaren %16,8 pobrezia eta bazterkeria arrisku egoeran zegoen 2014an (247.954 pertsona).

Gaur egungo eztabaida handiek inpaktu lokala dute, baina baita isla globala ere. Horien artean adibide bat Europar Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsioen Itun Transatlantikoa (TTIP) dugu. Aurten TTIPa da geure aldarrikapenen helburua; itun honek, 2015eko amaieran onartuko omen dutenak, araudi marko berri bat mahaigaineratzen du bi eskualdeen arteko merkataritza eta inbertsio harremanak arautzeko, planetako merkatu handiena sortuz.

Baina TTIP ez da merkataritza arloko akordio bat bakarrik. Itun berri bat da, nazioz gaindiko enpresa handien interesei baino lagunduko ez diena, produktore txiki, kontsumitzaile, merkatari eta oro har hiritarren kaltetan. Baditu bere baitan hainbat ekimen ekologia, gizarte, lan, ekonomia... arloetan inpaktu oso negatiboa izango dutenak eta defizit demokratiko handia ekarriko dutenak. Emakumeen eskubideei begira bereziki ondorio negatiboa izango du. Besteak beste, Europako eta Estatu Batuetako legeak behetik berdintzen badira, herrialde askotan emakumeen lan eskubideen arloan lortutako aurrerapenak galduko dira eta.

Zero Pobrezia kanpainaren hamargarren urteurren honetan, kezkatuta gaude TTIP bezalako akordioek izan ditzaketen zorigaiztoko ondorioekin, pobrezia eta desberdintasunak dakartzatelako eta ondorioz, giza eskubideen urraketa. Politika publikoek osoki bermatu behar dituzte giza eskubideak, batez ere pobreziari, desberdintasunei eta jasangarritasunik ezari aurre eginez. Arazo horien aurkako borroka mundu mailako justizia kontua da, exijitzen baitugu munduko pertsona guztientzako giza eskubideak bete daitezela.

Testuinguru horretan gizarte zibilak oso paper garrantzitsua jokatzen du eta, horrenbestez, kudeaketa publikoan gizarteak aktiboki parte hartuko duela bermatu behar da. TTIP bezalako itunak horrexen aurka daude, bere armadura juridikoak demokrazia eta herrien subiranotasuna mugatzen baitu. Gainera, negozio prozesu osoa sekretupean daramatela, iluntasunez, legebiltzarren eta hiritarren kontrolpetik kanpo, Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak hautsiz.

Nazio Batuek oraintsu sinatu dituzte Garapen Jasangarrirako Helburu berriak (horien barruan garapenerako tresna bezala onartu direlarik ingurumen arloko helburuak eta gizarte bakezaleak, hots, hobeto gobernatuak eta inklusiboagoak). Hori dela eta, orain inoiz baino gehiago geldiarazi behar ditugu TTIP bezalako akordioak, maila globaleko politika koherenteak martxan jartzeko.

Pobrezia eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: horiek desagerrarazteko borondate politikoa eta hiritarra behar da. Hiritar guztiek bat egin dezakete bi elementu horiek ezabatzeko aldarrikapenarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, dela eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez. Pobreziaren Aurkako Astean zehar Euskadiko hainbat lekutan aktiboki parte hartzeko aukera eta ekimen ezberdinak izango dira.