GARA
BILBO

Durangoko Azokaren 50 urteak biltzen dituen liburua kalean

50. urteurrena mugarri hartuta, Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren ibilbidea biltzen duen liburua aurkeztu zuen atzo. Joseba Sarrionandiak, Jesus Mari Arruabarrenak eta Txelu Angoitiak sinatua da eta Azokako egunetan erosi ahal izango da.

Gerediaga elkarteak liburua kaleratu du Azokaren 50. urteurrena mugarri hartuta: azken 50 urteetako ibilbidea biltzeko, berau ezagutzera emateko eta hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko, etorkizunean ere begirada jarriz. Orain arte ez da horrelako bilketa lanik egin Azokaren inguruan; 50 urte betetzeak horretarako aukera eman dio Gerediagari.

Liburua saiakera formatuan idatzita dago. «Irakurterraza eta dibulgatiboa da. Lan bisuala da eta maketazio aldetik erakargarria, zaindua: lasaitasunez irakurtzeko liburu bat da, gozatzekoa, eta, gordetzekoa. Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat biltzen duen lana da; euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua», adierazi du Gerediagak.

Hiru unibertso batzen dira argitalpenean, “Mundutik azokara”, “Azokatik mundura” eta irudiak, hain zuzen. “Mundutik azokara” atalean nazioartean eta Euskal Herrian 1965tik 2015era arteko gertakariak jasotzen dira (politika, ekonomia, kultura...), eta horiek denak Azokarekin lotzen dira. «Azokaren historiari testuingurua eta markoa jartzen zaio, oso perspektiba berezi batetik. Joseba Sarrionandia da egilea, eta egilea busti egiten da: bere ikuspegi pertsonala ematen du, gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean. Saiakera ausarta da, beraz: irakurleak orain arte irakurri ez duen Sarri topatuko du –nabarmendu dute Gerediagako kideek liburuaren harira–. Fikziotik urrun, errealitatera jauzi eginez. Horrez gain, saiakera mamitsua ere bada: datu ugari biltzen ditu, bitxikeria ugari... Zer pentsatua emango duena».

“Azokatik mundura” bigarren atalean Azokaren hastapena, aireratzea, egonkortzea eta modernizatzea jasotzen da. Jesus Mari Arruabarrenak Azokaren sorreran eta ibilbidean parte hartu zuten hamar lagun elkarrizketatu ditu, euren lekukotzak jasoz eta urte horietako giroa liburura ekarriz. Gaur egungo Azoka ulertzen lagunduko digun kontaketa, eta etorkizunekoa eraikitzen ere lagunduko duena.

Hirugarren unibertsoan irudia da nagusi. Txelu Angoitia da egilea, azken 15 urteetan Azokako argazkilari izandakoa. Azokaren ikuspegi artistikoa erakutsiko digu, eta kulturaren plaza beste begi batzuekin ikusteko aukera izango dugu. Gaur egungo erretratuez gain, argazki historikoak ere bildu ditu (Azoka elizpean antolatzen zenekoa, merkatuan...) edizio guztietako kartelak eta abar. Gerediagako artxiboko argazkiez gain, Deiako artxibokoak ere agertzen dira. Transmititzen duten argazkiak dira, Azokaz kutsatzeko aproposak.

Jose Luis Zumetak aurtengo Azokarako egindako kartela egokitu dute azalerako. Liburua bi hizkuntzatakoa da, 255 orrialde ditu, eta 20 euroan salduko da. Euskarazko zatiak hartzen du nagusitasuna liburuko orri gehienetan, eta gaztelerazko bertsioa amaieran gehigarri modura erantsita dator.