Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Erdeinutik miresmenera?

Bi urte eskas dira baten batzuek politikoki akabatutzat eman zutenetik. Hemerotekak lekuko. Euromaidango mugidaren ondotik, «gizontxo berde» haiek Krimean agertu zirenean, Putinenak egin zuela ebatzi zuten askok. Inora ezeko ihesaldia omen zen, Europar Batasunarekin betirako etsaituko zuena. Petrolioaren merketasunak itota atzeraldian zegoen bere ekonomia erabat hondoratuko omen zuten ezarriko zitzaizkion zigorrek... Jarraian Donbassekoa sutu zenean, biderkatu egin ziren begizkoak, jakina. Ohi bezain urria izan da profezia dohaina, berriro ere.

Orain alderantzizko boladan gaudela esan liteke: Putinen ordua da nonbait. Eta bera ere jakitun dela ematen du. Ahaltsu sentitzen denaren probokazio kutsua ere bazuten G20koen goi-bilera Antalyan amaitzean egin zituen adierazpenek. Estatu Islamikoari laguntzen omen diotenen zerrenda jaulkitzea bakarrik falta izan zitzaion... bileraren anfitrioia zen Turkiatik hasita.

Mudantza txundigarri honen protagonista lotsagabeenak ia ezer esan gabe ipini dira atzekoz aurrera. Arazoa da batzuen –demagun Hollanderen eta abarren– kasuan, Sirian hain irmo esku hartzeari era guztietako kalteak iragartzetik Putinekin bat egiteko prest agertu diren arte hilabete eskas igaro dela.

Intelektualki jantziagoak –eta duinagoak– diren beste batzuek (adibidez, Patrick Cockburn aditu irlandarrak, “The Independent”-en) Errusiaren estrategiaren zergatiak kausitzea nahiago dute... Ekialde Ertainean, Putinen bertute nagusia, agian bakarra, estrategia bat edukitzean baitatza. Eta haren araberako aliantzak onartzean, zalantzan ibili gabe. Hobeto esanda: jada existitzen zen aliantza eta estrategia batekin, xiiten batasun orokorrarekin egin du bat Putinek... bere hardware militar ia guztiarekin.

Eta zergatien bilaketan, ez begiratu Gerra Hotzera, baizik etorkizun hurbilera. Edo, berdin zaio, historia zaharrera. Turkia eta Errusiaren artekoa ez baita atzo goizekoa. Eta Arabiarekikoa, sorta berekoa da.