Maider IANTZI
EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO EGUNA

Zapatak, izozmendia edo bufanda, garrasi beraren adierazpen ezberdinak

Poliki-poliki, makina bat emakume feministaren ahaleginez, zabalduz doa kontzientziazioa eta gero eta lagun gehiagok ulertzen du indarkeria matxista jendarte osoaren arazoa dela. Azaroaren 25eko egun seinalatuaren inguruan euskal herrian egindako hamaika ekintzen lagin bat bildu dugu kronika honetan.

Hainbat herritan “Zapata gorriak” arte instalazio ibiltariaren bidez saiatzen ari dira ulertarazten emakumearen aurkako indarkeria gizarte arazoa dela. Egilea, Elina Chauvet artista mexikarra, Euskal Herrian da egunotan. Agenda betea du abenduaren 1a arte Bilbo, Basauri, Santurtzi, Portugalete eta Sestaon. Artearekin lotura estua izan du feminismoak performanceekin gorputza arte bilakatu eta objektu izatetik subjektu izatera pasatu zenetik. Mexikon ezaguna da Ciudad Juarezeko feminizidioa. Gizonek emakume aunitz bahitu, hil eta desagerrarazi dituzte eta sarri zapatak bakarrik gelditu dira.

Chauveten beraren ahizpa nagusia senarrak hil zuen eta dolu horretatik eta mina (norberarena eta bertzearena) publiko egiteko beharretik sortu zuen arte instalazioa.

Oñatiko zapata gorriak

Oñatin dozena bat pasa lagun elkartu ziren astelehenean honen inguruko tailer batean, talde anitza –elkarte feministetako kideak eta bestelakoak, adin ezberdinetakoak–, Mexikoko sarraskien harira feminizidioaz zekitena kontatuz, eta giro onean, arte ekintzari buruz hausnartu zuten. 130 zapata pare margotu zituzten gorriz eta hurrengo egunean berriz bildu ziren, ez baitzuten bukatu.

Atzo guztien artean egin zuten instalazioa, Herriko Plazan. Ekintza berezi honekin herritarrak inplikatzea lortu zuten, hilabetez jendeak erabilitako zapatak jaso eta gero auzolanean margotu zituztelako.

Adierazpen artistikoekin segituz, Zumaiako asanblada feministak indarkeria matxistaren izozmendia marraztu zuen. Azpialdean, gauza sotilak gordetzen dira. Mikromatxismoa, hizkuntza sexista, umore eta txiste matxistak, publizitate sexista eta anulazioa izan daitezke. Gorago, baina oraindik ikusezin, gutxiespena, ikusezin egitea, errudun egitea, mespretxuak, xantaia emozionala, umiliazioa eta kontuan ez hartzea. Hauen gainean, jada agerian, oihuak, mehatxuak, sexu erasoa, irainak, eraso fisikoak eta bortxaketa daude. Azkenik, izebergaren puntan, erailketa.

Bertze obra bat osatuz, Goldatz Berako emakume feministen taldeak morez jantzi zituen kaleak. “Erasoen aurrean antolakuntza eta defentsa”, “Ni naiz neure buruaren jabea” eta lelo gehiago idatzi zituzten oihaletan. Iluntzean, elkarretaratzean bildu ziren, denak beltzez jantzita, linternak eta maskarak hartuta, eta mezu bat irakurri zuten. Instituzioek antolatuta film emanaldiak egin zituzten Beran eta Arantzan.

Gasteizen, Egibide ikastetxeko 800 ikaslek puntu lilak osatu zituzten campusetako kiroldegietan, euritik babestuz. “Ez ikusiarena ez egin” leloa erabili zuten. Aurretik gaia landu zuten ikasgelan, DBH, Lanbide Heziketa eta Batxilergoan. Arabako hiriburuan jarraituz, Mujeres Sin Fronteras elkarteak gizon eta emakumeen artean jositako bufanda morea jarri zuen Andre Mari Zuriaren Plazako monumentuan.

Irunen, aldiz, musika eta dantza ikuskizun bat izan zen emakumearen aurkako indarkeria errefusatzeko bitartekoa. Pauso-K Dance Studio, Skolamusik eta Irunesa Gimnasia Ritmica taldeek egin zuten.

Ibilaldiak Iruñean

Azaroaren 25eko data esanguratsuak emandako abagunea aprobetxatuz, astelehenean hasi eta bihar arte ibilbide gidatua egiten ari dira Iruñeko kaleetan, bereziki Alde Zaharrean, hiriko lehenbiziko emakumeak eta bizi izan ziren testuingurua ezagutarazteko. “Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona” ikerketa liburua da oinarria eta egileetako bat, Ana Diez de Ure, gidaria. Kontatzen duenez, Estratonice, Festa eta Rustica dira Iruñean topatu dituzten aurreneko emakume izenak.

Bertze material erabilgarri bat, honakoa nerabeei zuzendua, Satse Euskadiko erizaintza sindikatuak kaleratu duena da, “Seinaleak II” komikia, 2013an argitaratu zuen lanaren jarraipena. 4.000 aletik gora banatuko ditu Osakidetzako ospitale eta lehen mailako arreta zentroetako erizainen artean, kolektibo aproposa baita indarkeria matxistaren prebentzioan eta hautematean laguntzeko. Neskenganako ziber-indarkerian oinarritutako istorioa kontatzen da komikian, hizkuntza fresko eta hurbilarekin sarean sortzen ahal diren egoerak azalduz.

Pintzelkadak dira, bertze aunitzekin batera –tartean instituzioen ekitaldiak, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos buru izan zituztenak, eta eragileenak, Baionan egin zen hitzaldia kasu– Euskal Herriko puntu lila erraldoia osatzen dutenak.