Ion SALGADO

«Gazte gozatope!», emozioak euskaraz gozatzeko aukera

Gaur arratsaldean hasiko dira «Gazte Gozatope!» jardunaldiak Gasteizko Oihaneder jauregian. Uxoa Agirrezabalak dioenez, «euskara eragileen edo aisialdian euskaraz dihardutenen lana aberastea, freskatzea, eta energia berriz janztea» du helburu ekimenak.

Arabako gazteek euskara ezagutza maila handia dute, «baina horietako asko erabileran ez dira eroso sentitzen. Erdarek beraientzat erakargarriagoak eta motibagarriagoak diren baliabideak eskaintzen dizkiete». Hala azaldu du Uxoa Agirrezabalek, Garaion elkarteko kideak, euskararen erabilera sustatzeko bide berriak bilatu behar direla ohartaraziz: «Araban gazte eta ez hain gazte pila bat ari da euskararen alde lanean institutuko euskara batzordeetan, euskara elkarteen inguruan, gazte asanbladetan, aisialdi euskaldunean... txalotzekoa da Araban euskararen alde egin den ahalegina. Asko egin da baina asko dago egiteko, eta horretarako baliabideak eta bide berriak sortzeko sormen handia behar dugu, bai guk bai gazteek».

“Gazte Gozatope!” jardunaldiek, gaur eta bihar Oihaneder jauregian egingo direnek, aipatutako bideak zabaltzea dute helburu. «Euskara eragileen edo aisialdian euskaraz dihardutenen lana aberastea, freskatzea, ideia eta energia berriz janztea, helburu duten jardunaldiak dira», azaldu du Agirrezabalak, bertan gazteak kezkatzen dituzten gaiak jorratuko direla azpimarratu ostean. «Gozamena, sexu, harremanak, emozioak, gorputza, identitateak, sorkuntza… esperimentaziorako eta hausnarketarako gozagunea sortuko dugu denon artean», gaineratu du. Zentzu horretan, emozioen munduan lagun ugari lanean ari direla gogorarazi du; «eta proposamen berri eta aberatsak ditugu eskura», gaineratu du. Proposamen horiek «modu gozagarrian eta bizipena oinarri izanda» gazte eragileen eskura jarri nahi dituzte. «Han eta hemen egiten ari garena partekatzeko gunea izan nahi du ‘Gozatope!’-k», adierazi du.

«Gazteentzako aisialdi aukera aberasgarri bat sortu nahi dugu, kezkatzen dituzten gaiak landu eta, aldi berean, gorputz adierazpen teknika desberdinekin jolasteko aukera eskaini. Bizipen honekin, ikasiz bat, sentitu, hausnartu eta beste batzuei transmititzeko baliagarria izan nahi du», azaldu du, eta gazteen aisialdian gauza berriak lantzen diharduten eragileak elkarlanean aritzeak duen garrantzia ere nabarmendu du. «Aspalditik genuen gogoa elkarrekin lanean jartzeko. Gasteizko Udaleko Euskara Sailak proposamenak euren egitasmoekin bat egiten zuela ikusi zuen eta elkarlanean aurrera irten da egitasmoa». Arratsaldean hasiko da berau, 18.00etatik 20.00etara egingo den kafe tertulia batekin. «Arabako gazte eragile euskaldunen esperientziak izango ditugu hizpide; horien ahotik entzungo ditugu bizi dituztenak», azaldu du Garaion elkarteko kideak.

Biharko egun osoko egitaraua antolatu dute. «Zazpi tailerren arteko ibilbidea proposatuko diegu partaideei. Tailer guztiak dinamikoak eta parte hartzaileak izango dira eta bizipenak izango dituzte oinarri. Goizean emozioak landuko ditugu, Sustraibarri Elkartearen eskutik; harreman onak, Arremanitzen eskutik; eta sexualitatea, Irrikaren eskutik. Arratsaldean, berriz, beste lau: Aereoak, Nahia Iparragirrek gidatuta; Zirkua, Zilipurdirekin; Identitatea eta maskarekin antzerkiratzea, Oihane Enbeitarekin; eta Sorkuntza, Garaionek eskainiko duena», adierazi du.

Azken ekimen hori Uxoak berak gauzatuko du. «Garaionen ideia bat dugu etengabe ardatz gisa: denok garela sortzaile. Maiz, jendarteak, hezkuntza sistemak… sinetsarazten digute hori ez dela horrela, sortzaile izatea gutxi batzuen kontua dela pentsatzen dugu askotan. Gu sinetsita gaude, gutako bakoitzak, guzti-guztiok, sortzeko gaitasuna dugula barruan, biologikoki izaki sortzaileak garela. Eta ideia hori zabaldu nahi dugu lau haizetara. Jendeari barruan duen sortzailetasuna identifikatzen eta pizten laguntzea da gure grina. Sortzaile den herriak etorkizun osasuntsua izango duela pentsatzen dugu eta hori da gure ametsa euskararentzat eta egungo gazteentzat, osasuna», esan du.

Izan ere, aisialdian eta euskararen aldeko lanean diharduten gazteak elkartu nahi ditu Garaion elkarteak “Gozatope!” jardunaldietan: «Bereziki, Araban zentratu ditugu ahaleginak. Hala ere, uste dugu hezkuntzako edozein esparrutako lagunentzat edo herrigintzako edozein eragilerentzat izan daitekeela polita bizipen hau. Gainera, azpimarratu nahi dugu, ‘Gozatope!’ ez dela jakintza edo bizipena eskainiko duen topaketa bat, guztiok ditugun altxor eta bizipenek ere tokia izatea nahi dugu».

Horiek «laneko inertziak apurtu, eta harremantzeko, hausnartzeko, sentitzeko, ikasteko, ikusteko eta egiteko baliabide eta moduak gozatzeko» aukera izango dute. Finean, jardunaldiak «gozatuz, ikasi eta gozatzen ikasteko proposamena dira animatzen den guztiarentzat». Eta sexuak eta emozioek garrantzia handia izango dute, «aisialdiko ekintzetan parte hartzen duten haur eta gaztetxoen artean sexualitatea egoten baita, eta eragileok arlo horretan ikuspegi eta baliabide ezberdinak landu behar ditugu bidelagun izateko». Bi arlo hauetan asko sakondu dute Garaion elkartean eta, Uxoa Agirrezabalaren ustez, «beharrezkoa da ezagutza eta baliabide horiek jendarteratzea».