Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Hondamendiz hondamendi doan arraza baten geroaz hausnartzeko ipuin sorta

«Hondamendia». Izenburu hori eman dio Xabier Montoiak bere azken ipuin bildumari eta kontzeptu hori izan da, hain zuzen, liburua osatzen duten hemeretzi ipuinetako bakoitzari izatea eman diona. Gizadia, bere sortzetik, hondamendiz hondamendi ibilia dela uste du Montoiak eta, kronologikoki ordenatuta, historiako zenbait zati ipuin formatuan eskaini ditu. Orainaldian «bizi dugun hondamendia» eta etorkizunean letorkeena ere irudikatu ditu.

Musikaritik eta idazletik, bietatik du Xabier Montoiak. Bigarrenean, poesiaren haritik eman zituen lehen urratsak eta, gerora, narratiban trebatu da, ipuin bildumak zein narrazioak osatuz. Erromara egindako bidaia batean sortu zen “Hondamendia”, Elkar-ekin argitaratu berri duen ipuin liburuaren lehen alea. «Kontzertu bat ematera joan eta, aurretik, Vatikanoa ikustera joan ginen. Han bertan, hasi eta buka etorri zitzaidan ‘Terrorista’ izeneko ipuina. Sekula ez zitzaidan halakorik gertatu», ziurtatu zuen liburuaren aurkezpenean. Oro har, ipuin osoak baino burura “irudiak” etortzen zaizkiola azaldu zuen eta horiei tiraka sortzen dituela ipuinak. Vatikanoko etorrera haren ostean, ez omen zuen ipuina idazterik pentsatu baina, lagunen eskariz eta temaz, paperera eramatea erabaki zuen. «Orduan konturatu nintzen oinarrian zegoen ideia hondamendiarena zela», argitu zuen, eta gizadiak historian zehar bizi izan dituen gertakari lazgarriak, hondamendiak finean, izan ditu oinarri euren artean oso ezberdinak diren ipuinak idazteko.

Liburua osatzen duten hemeretzi ipuinak hiru ataletan sailkatu ditu, kronologiari jarraituz. Lehena, iragana litzateke, gaur egunera arteko tartea; bigarrenak, egungo munduaren hondamendiak irudikatuko lituzke; eta, azken atala osatzen duten bi ipuinek, balizko etorkizuna marrazten dute. «Hasieran erdiko zatian dauden ipuinak bururatu zitzaizkidan eta, hondamendiaren kontzeptuaz hausnartuz, egun mundu mailan hondamendi giroa dagoela pentsatu nuen, jihadismoa, beroketa globala, kapitalismoaren krisia... badirudi desagertzera doala mundua. Baina gero konturatu nintzen bukaera hurbilaren sentsazioa beti eduki duela gizakiak, mundua hasi zenetik». Horregatik, iraganera jo eta Erdi Aroko izurriteak, XX. mendeko autoritarismoak edota lehergailu atomikoen inguruko kontuak ere bildu ditu. Liburua bera “Hasiera” ipuinarekin abiatzen du, non Adam eta Eva paradisutik bidaltzen dituzten.

Zentzu horretan, kristautasunari erreferentzia zuzena bizpahiru ipuinetan egiten diola argitu zuen Montoiak, hein batean, jaso zuen hezkuntza kristauari “omen” eginez: «Eragina izan du, argi eta garbi. Biblia dezentetan agertzen da liburuan; fraile batzuekin ikasi nuen eta herentzia hori utzi zidaten, Biblia, bekatua eta hori guztia», azaldu zuen, ironiaz.

Euskal girotik urrun

Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, liburu hau urrundu egiten da orain artean Montoiak landu duen tematikatik. Besteren artean, 2006an Euskadi Literatura Saria jaso zuen “Euskal Hiria sutan”-en edota argitaratu duen aurreko eleberrian, “Azken afaria”(2013), euskal giro politiko, sozial edota kulturala izan ditu hizpide eta, alde horretatik, Montoiak berak beti errealismora jo izan duela argitu zuen: «Ez dut nahita bilatu kontrasterik. Testuingurua errealitatea izan da beti, baina egia da lehenengo aldiz nire bizitzan elementu fantastikoetara ere jo dudala. Ez naiz fantasia zalea, irakurle zein idazle naizen aldetik errealismora jotzen dut, baina hala ere gustura nago, sekula ez dudalako halakorik egin».

Hala ere, euskal pertsonaiaren bat ere bada “Hondamendia”-n: «Sortu zaizkidan istorio gehienetan ez nituen euskal pertsonaiak ikusten. Lehenengo zatian, soilik Lope Agirre azaltzen da, bigarrenean gutxi eta azken ipuinean, gainerakoak biltzen dituena, argazkilari izandako euskal kooperante bat dago, baina Sirian, eta egoera ez oso atseginean», amaitu zuen.