Florren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Eutsi, Asiron? Norena da, ba, aldaketaren ardura?

Zalaparta ederra antolatu dute Abel Azkonaren erakusketaren harira, Iruñeko alkatea eta oro har aldaketaren udal gobernua erdian kokatu nahian. Jakin dugu azken mobilizazioen atzean erakunde fundamentalistak daudela, batzuk Madrilgoak eta besteak bertakoak. Baina nire gaurko hausnarketa ez doa bide horretatik, alkateari eta gobernu ardurak dituzten aldaketaren hautetsiei eskatzen zaienaz baizik.

Gauza ezaguna da ezkerreko jendea oso zorrotza dela aukeratzen dituen ordezkariekin. Hau gogorra izan daiteke hautetsiendako, baina osasuntsua dela iruditzen zait: ezkerraren abantaila morala honi lotuta dago, besteak beste. Baina askotan, eskatzeaz gain, eraldaketaren erantzukizun osoa jartzen da ordezkarien gainean, eta hori beste kontu bat da. Hori delegazionismoa da eta hagitz kaltegarria izan da beti.

Horregatik, azken polemikaren gainean «eutsi Asiron» adituta, ene buruari galdetu diot zergatik eutsi beharko liokeen Asironek, bakarrik, denon kontrako eraso honi. Nahi gabe, Asiron denon erronkaren arduradun bilakatu dugu. Kirol profesionalean bezala, bera bakarrik dago zelaian, eta guk, gradetatik, oihu egiten dugu indar handiagoa ala jokaldi finagoak eskatuz. Nahi gabe, ordezkapenaren logikaren alderdi itsusiena irensten dugu, eraldaketa ordezkari batzuen esku utziz.

Argi mintza gaitezen: logika hori segituz ez dago gauzatu behar den aldaketa gauzatzerik. Ordezkariek hobeki ala makurrago eutsiko diote lehiari, baina aldaketaren aldeko herritarren mobilizaziorik gabe ezin da eraldaketa prozesua gauzatu.

Fatxak, paradoxikoki, ederki jabetu dira horretaz. Beren aldekoen mobilizazioa bultzatzen ari dira UPNko zinegotziek oposizio bortitza egiteko baldintzak izan ditzaten, eztabaida publikoaren agenda ezarriz, hedabide gehienen laguntzaz, noski.

Uste dut hausnarketa zorrotza egin beharra dagoela eraldaketaren gauzapenaz, denon artean ez bada ez baita lortzerik izanen.