GARA
IRUÑEA

Nafarroako aurrekontua ez dela euskarak behar duena dio Kontseiluak

«Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontua ez da euskararen normalizazioak behar duen aldaketaren adierazle», adierazi zuen Kontseiluak atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. Ondorio argi bat azaldu zuen: «Sektore batzuetako partidak berreskuratzeko ahalegina egin bada ere, aurrekontu hauek ez dira hizkuntza-politika egoki batek behar dituenak». Paul Bilbao idazkari nagusiak agertu zuenez, Euskarabideari esleitzen zaion kopurua aurrekontu osoaren %0,10 da eta hori «guztiz aski eza da».

Euskalgintzako sektore garrantzitsuenei esleitutakoa behar den kopurutik urrun dagoela esan, eta oroitu zuen politika egiten denak eta egiten ez denak osatzen dutela. «Askoz gehiago da kontuan hartzen ez dena kontuan hartu dena baino eta horrek desoreka handiak ekarriko dizkio hizkuntza-politikari».