Ariane KAMIO
DONOSTIA

Zoriontasun efimeroa

Zorion une harrapaezinen inbentario bat izan daiteke «Beti oporretan», atzerako kontaketa bat une askotan. Mediterraneoaren ertzean sortu diren kontakizunak fetitxe bihurtu zitzaizkion Harkaitz Canori eta bere genetika literarioaren aurka borrokatzen saiatu dela aitortu du, baina indar grabitatorio batek bere obsesio eta joeretara eraman du berriro.

«‘Beti oporretan’ (Susa) oximoron bat da, ezinezko bat da, kontraesan bat da; ez gaude beti oporretan, ‘beti’ eta ‘opor’ esaldi berean ezin daitezkeelako erabili, non eta ez den Xabier Montoiaren opor definitibo hori, zeinak dioen –liburua irekitzen duen zita da–: ‘Zafiro, diamante, harribitxiak, piztien larrurik garestienak... traba besterik ez digute hemen egingo honezkero. Oro zaigu pisu eta astun orain. Beti oporretan’». Montoiak 1995ean atera zuen izen bereko diskotik ateratakoa da “Lurpekoen kanta”-n zioena.

Ezinezko horri hamalau ipuineko moldea eman dio Harkaitz Canok, istorio klasiko eta garaikideagoak txandakatuz. «Norbere genetika literarioaren kontra borrokatzea ederra da, baina normalean galdu egiten duzu eta zure betiko joeretara, obsesioetara, antsietara eramaten zaitu halako indar grabitatorio saihetsezin batek».

Fetitxetzat ditu Mediterraneoaren ertzean historian zehar sortu diren irudiak, bai literarioak, baita zinematografikoak ere. François Ozonen “Sous le sable” edo Erri de Lucaren liburuak; «mahastiak, Toscana, izerdia». Giro hori bere egiten saiatu da “Beti oporretan” ipuin bilduman eta, izatez, udan idatzitakoak dira horietako asko.

Gustukoen dituen ipuinak udako kantu italiarrekin alderatzen ditu. «Entzuten dituzu lehenbiziko aldiz eta oso ondo sartzen dira. Iruditzen zaizu dena ulertzen duzula eta italianoa ere badakizula, baina gero letra irakurtzen duzunean konturatzen zara ez zeukala zerikusirik asmatu zenuenarekin». Bide horretatik ibili da Cano; udako kantu italiar horien ezaugarria erantsi die aise sartzeko gaitasuna duten ipuinei, baina ondorenean espero zena beste zentzu batekin estaliz.

«Zorion une harrapaezin horien inbentario bat, atzera kontaketa bat» ere bada. Montoiaren diskoko zitaren ondotik Julian Schnabelen bigarren bat ere erantsi dio momentu horiei erreferentzia eginez. Hain zuzen, artista estatubatuarrak Tabakalera zaharrean egin zuen “Summer” erakusketaren haritik elkarrizketa batean esan zuena gogora dakar. «‘Udan lan egitea gustatzen zait, teilaturik gabe. Udan galdetzen diot nire buruari zenbat uda geratuko ote zaizkidan oraindik bizitzeko... Hogeita hamar bat, beharbada?’ Gen onak dauzka Schnabelek». Eta jarraitu zuen idazleak: «Badago atzera kontaketa bat, zenbat uda geratzen zaizkit? Hau bezalako zenbat une? Zenbat martini rosso? Zenbat kafe jende interesgarriarekin?». Liburuko protagonistek konpartitzen dute, hortaz, amankomuneko ezaugarri bat, «galtzear edo iraungitzear edo eskuetatik ihes egitear dagoen zerbaiten bila dabiltza».

Idazketa prozesuan –Menorcako irlan ondu zuen lanaren parte bat, baita “Twist”-en amaiera ere– James Salter eta Samanta Schweblinen ipuinak diapasoi moduan erabili ditu. «Musika tresna bat afinatzen da modu batera eta idazten hasteko afinazioa lortzen da normalean ipuingile hauek irakurriz».

Narrazioaren emaitza dira kontakizun klasikoak –“Safaria”– eta esperimentalagoak –“Boeing 767”–. Badago baita ere “Lolita”-ren «bertsio labur feminista bat, beharbada gehiegi esatea da, baina zortzi orrialdeetara ekarri dut ‘Sapore di sale’-n».

Literaturgintzan aldaketak ikusi ditu bere gogoan. «Zure estiloa deitzen diozuna da zure gabezia, eliminazioz egiteko gai zarena, hori da zure estiloa. Estiloa da miresten dituzun idazle guzti horiek imitatzen saiatu ondoren eta frakasatu ondoren geratzen zaizuna. Hemen saiatu naiz nire estiloaren kontra borrokatzen, duela hogei-hogeita hamar urte egiten nituen trukoak ez errepikatzen, baina azkenean ez naiz, ziur aski, hainbeste aldendu nire gabezietatik».

Hamar uda pasatu zaizkio Canori “Neguko zirkua” argitaratu zenez geroztik, eta afinaziorako eskala desberdinak ezagutu ditu denbora tarte horretan. «Agian aldatu da kontenporaneitatearekiko nire kezka, edo gauza literarioak direnekiko nire ikuspuntua. Lehen literariotzat jotzen nituen gauza, hiri eta pertsonaiak beharbada ez zaizkit hainbeste interesatzen orain eta beste batzuk askoz literarioagoak iruditzen zaizkit. Literarioagoa iruditzen zait orain Angela Merkel Pessoa baino, edo literarioagoa iruditzen zait Burger King bat Lisboa hiria edo Paris baino». Orain, Mercedes batek edo Merkelek berak balio erantsia dute bere kontakizunetan, egunen batean Canoren liburuei irakurleren batek karbono 14aren proba eginez gero, egon dadin norbait pentsatuko duena lerroetara eramandako izen haiek norenak ote ziren. «Nahi dut hor egotea, nahi dut izatea orain, hemen eta gaur, eta ipuin guztiak daude orain, hemen eta gaur determinatu batean kokatuta».