GARA
DONOSTIA

Ekainaren 19an herri galdeketa egingo dute Goierrin

Goierriko Gure Esku Dagok herri galdeketa aurrera eramateko sortuko diren lantaldeen berri eman zuen atzo, Beasainen eta, bide batez, herritarrei lantalde horietan parte hartzeko deia luzatu zien. Ildo horretan, urtarrila bitartean herriz herri egingo duten sinadura bilketaren berri eman zuten, herri galdeketak herritarren babesa izan dezan.

Asmoa Gipuzkoako Goierri eskualdea osatzen duten 22 herrietan datorren ekainaren 19an galdeketa bat egitea da, orotara 70.000 biztanleri zuzendua, zehazki. Helburua, herritarren borondateari bidea ematea da «protagonistak bihurtuz eta ahaldunduz», adierazi zutenez. Aldi berean, Euskal Herrirako eredu bat eraiki nahi dute eta prozesua zilegi izateko ezinbesteko baldintzak jarri dituzte: «gizarte ekimena» izatea, «gardena» eta «zabala».

Otsailera arte adostasunak lortzen saiatuko dira eta herrietako galderak biltzen. Apiriletik ekainera bitartean, berriz, galdera zehatza proposatzeko unea iritsiko da.