Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hemen konpon! Hemen konpost!

Oraindik ere gogoan itsatsia daukat berrikitan nazioartean ospatu den komunaren eguna. Kakalarri utzi ninduen albisteak. Konposterako ona izan dadila, bestela zertarako batzen izan abila! Tira, ipurdia gogoan! Eta hastear den kanpaina bera ere! Botoen bidetik harako aterako diren lagun hurkoek ipurdia jesarriko dute han, burua, hankak eta gorputzaren gainerako guztiak hemengo lurretan errotuta izanda. Hori bai, kakalarri unean etxera buelta eta berton egin, gure apustuan konpostaren beharra dugu eta! Hemen konpost! Izan ere, historian beti izan dira istorioak eta tirabirak, eta gaur-gaurkoz tirabira nagusia Hemen-Han esparruan dago jokoan. Soziopolitikan zentroa ez dagoen bezala soziogeografian ez dago Hor. Hor konpon! Hortaz, sekula ez ditzagun hango instituzioetako gauzak hemengo herritarren albiste nagusi egin, sekula hori santa bada ere. Amen. Hurbiltasunak sortzen du aldaketarako funtsa den pertzepzioa. Hemen. Hemen konpon! Hor konpon ordez. Nago ni, hemengo izatea garrantzitsuagoa dela abertzale esatea baino.

Tira, kanpoko munduen harira! Parisen COP eta Katalunian CUP. Zalantza betean nago Senaren hirian klima senik gauzatuko ote den. Hamaika ikusteko jaioak gara! Foku biko betaurrekoak beharko. Eta Pirinioetako ekian zer izango, jainkoak baleki! Inportanteena Zer-Zelan-Noiz dela esan eta berresan, baina badirudi, nire okerra oker, Zein jartzen dela langa nagusi. Tira, laster da kontua argitzeko Europan gertatzen ari den udazkeneko iraultzarik serioenean. Eta bitartean planetako munduek hainbat erronka global duten aro honetan guztiei ez zaie berdin oratzen. Bakar batzuetan presaka, di-da, hitzartu gurarik. Beste batzuetan, ostera, errondan ibili egunez, eta parrandan gauez, paperak dena aguantatzen duelakoan. Papera? Demonio! Berriro kakalarri!