Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Errealitate zaplaztekoa

Urtero, azaroaren 25aren harira, erauntsiak bustitzen gaitu: informazioa, ekimenak, adierazpenak, iritziak eta datuak, barra-barra. Ona da nabarmentzea denetariko pertsonak eta esparruak ari garela mugitzen eta kontzientzia soziala gero eta handiagoa dela, irmoagoa. Pozgarria da ikustea jendearen sormen gaitasun zoragarria, konpromiso pertsonala, ekimen kolektiboa. Horien guztien erauntsia beroa da, egunerokoan tinko segitzeko txutea. Datuenak, berriz, etsipena eragiten du, aurrera bai baina txiri-txiri(egi) egiten ari garela erakusten digulako.

Ez soilik emakumeon kontrako indarkeriari dagokionez; hori beste zerbaiten sintometako bat besterik ez da, larri eta ikusgarriena, agian, baina sintoma azken finean. Beste zerbait hori –sakonagoa, zabalagoa– emakume eta gizonen arteko berdintasun eza da: jendarte moduan justu kontrakoan gaudelako gero eta latenteagoa, arrakalarik gabe onartua baino; gure begietarako ikusezinagoa eta gure buruetarako lehengoagoa, gaindituta dugula-eta dezente gezurrezkoa ere... munduaren alde honetan.

Munduaren alde honetan, berdintasunaz ari garela, horixe dugu tranpa handiena: lortuta dugula-eta lagun gehiegi dabil gandorra tente, gainerakoei lezioak eman nahian, paternalismo osoz. Hemen, oro har, argi dakusagu gizarteak ikaragarrizko aldaketa izan duela, adibidez, gurasoen belaunalditik geurera. Harrotasunez-edo pentsatzen dugu, eta sinesten, aldaketok gizonezkoen bizimoduak hobetu eta, behingoz, emakumeok askatu gaituztela: eskolan, lan munduan, kaleko bizitza sozialean... eta etxean, esparrurik pribatuenean, pertsonon pentsaerak eta jarrerak ereiten eta hazten/ hezten diren horretan. Itxaropentsu sinesten dugu, alde horretatik, hurrengo belaunaldiak indarkeriatik salbu biziko direla, eta aukera berdintasun zorrotzean; areago haien seme-alabak, zeresanik ez horien ondorengoak... jada ez garelakoan arbasoen modukoak, aldaketek benetan aldatu gaituztelakoan.

Bai, ala? EAEn, herritarren %62k uste dute ekintza bortitzenen atzean drogen eta alkoholaren abusua dagoela; %61ek egileak estres maila handia duenean edo une batez kontrola galdu duelako gertatzen direla; %39k (!) indarkeria salaketa faltsu asko dagoela... adibidez. Gazteekin loturiko datuak, eskandalagarriak, zuzenean. Ederra datuen hoztasunak gure burua/ jendartea engainatzeko grinari ematen dion zaplaztekoa! Ederra oharra, euforia engainagarriak izorra ez gaitzan!